Esne litroa

Argitaratua: asteartea, 17 urtarrila 2017, 9:57
Alex Mungia

Batzuetan, zalantza sortu ohi zaigu zenbait egiturarekin. Adibidez, nola adierazi:

  • Esne litroko 0,34 € ordaintzea adostu zuten, ala litro bat esne 0,34 € ordaintzea adostu zuten?

Azter ditzagun kasu eta adibide batzuk.

a) Esanahia

Kantitateak aipatzen direnean, “zenbatzailea + neurri-izena + gaia” egitura erabiltzen da. Adibidez:

  • Baso bat ur
  • Bost litro esne
  • Bi kilo azukre

Dakigun bezala, ez dira gauza bera, esaterako,  “baso bat ur” eta “ur-baso bat” (ura edateko baso bat), edo “lata bat garagardo” eta “garagardo-lata bat”; izan ere, “lata bat garagardo hartu dut” esatean,  edukieraz ari naiz, zenbat garagardo hartu dudan adierazten ari naiz, eta “garagardo-lata bat” aipatzean, aitzitik, ontziaz ari naiz.

b) Unitate ez diren neurriak

Batzuetan, unitate-izen (gramo, kilo, tona…) ez diren beste zenbait izen ere erabiltzen dira neurri moduan (eskukada, basokada, kamioikada, kaxa, pitxer…), eta horiexekin sortzen dira zalantzarik handienak, zeren eta bi alderdi baitituzte: tanta, esaterako,  ‘likido-bolatxo’ gisa har dezakegu (zer), baina neurri gisa ere bai (zenbat). Horrelakoetan, zentzuak erabaki behar du aukera (zer/zenbat).

 Esaterako:

  •  Pasta-kaxa bat ekarri digu. (zer)
  • Kaxa bat pasta jango nuke orain. (zenbat)

c) Prezioak

Gaia eta unitatea aipatuz gero, honela esango dugu:

  •  Zenbatean dago azukre kiloa?
  • Zenbatean saltzen da patata frijitu kiloa?
  • Esne litroaren prezioa 0,60 € da.

> Hala ere, “kilo azukrea” egitura ere erabiltzen da. Adibidez: “Litro esnea lau txakur handi ordaintzen ziguten”.

d) Zatikiak

Zatikiak zenbakiz agertzen dira testuetan, ia beti. Adierazpen grafikoa eta esaten dena ez datoz bat hurrenkeran. “3/4 litro”, esaterako, ”hiru litro laurden” esaten da (eta ez “hiru laurden litro”).

Egokia

Desegokia

o   Baso(kada) bat olio.

o   Olio-baso(kada) bat.

o   Kilo bat sagarreko, kilo laurden azukre jarri.

o   Sagar kiloko, kilo laurde azukre jarri.

 

INFORMAZIO OSAGARRIA: