Emociones, confinamiento y ¿además clases?

Argitaratua: astelehena, 27 apirila 2020, 2:49
200415_Webinarioa Difusión-Medina

Irakasleen egoera emozionala hobetzea izan zen Difusion argitaletxeak antolatutako webinario honen gai nagusia. Alderdi hori zaintzeko estrategiak eta erramintak eskaini nahi izan zituen José Ángel Medina adituak, baina argi utzi zuen hasieratik ez zela bere asmoa gai metodologikoez edota teknologiaz jardutea.

“Zer gertatzen zaigu?” galdera izan zen abiapuntua. Medinaren esanetan, elkarreraginean daude sentitzen duguna, pentsatzen duguna eta egiten duguna. Gainera, emozio negatiboak kontrolagaitzak eta indartsuak dira, antsietatea, beldura edota tristezia esaterako, eta, esan bezala, eragina dute pentsaeran eta egiteko orduan. “Dena ondo joango da” pentsamendu positiboak mugak dauzka; are, negatiboa dena izan ohi da nagusi nerbio-sisteman. Emozioen sailkapen bat proposatu zuen eta zein mailataraino diren baliagarri egoera berrietara egokitzeko.

Konplexutasuna errazteko joera dugula adierazi zuen, eta hori ez dela beti egokia. Dauden zenbait errore azaldu zituen, hala nola ez bereiztea zer dagoen kontrola dezakegun esparruan eta zer ez, “mundu justuaren ilusioa”, iragarpen autobetea, lehentasun-efektua, gehiegi orokortzea (kontuz ibili beharra honelako hitzekin: dena, inoiz ez, ezer ez, inor ez…), errealitatea dikotomizatzea edota egoera lausoak planteatzea galdera zehatzak egin gabe.

Aholkuetarako tartea ere izan zuen hitzaldiak, honako hauek besteak beste: erabakitzea ea konfinaturik eta ozpindurik egon nahi dugun edo soilik konfinaturik, haserrea eta tristezia egoera hobea lortzeko motore gisa erabiltzea, daukaguna baliatzea eta horri probetxua ateratzea alferrikako arrangura gabe, nahiko ongi ari garela pentsatzea, esker onekoa izatea (eta ez da balore eta heziketa kontua bakarrik), ezbeharrak aurreratzea ez dela onuragarria, umorea lantzea (efektu onak dauzka irribarreak), planak eta errutinak martxan jartzea…

Interesgarria bezain lagungarria, beraz, gure esparruan idazle, irakasle eta hizlari izan dugun José Ángel Medinaren hitzaldia.

Oharra: You Tubera igo duten bertsioan, egin ziren bi saioetako galdera-erantzunen tarteak txertatu dira


ERREFERENTZIA.

Editorial Difusión- Para aprender y enseñar español como lengua extranjera (ELE).  (2020ko apirilaren 22a). Emociones, confinamiento y ¿además clases? [Bideoa]. https://youtu.be/fNI-OTkc_Wo

Show comments
  • AÑARA BAT HEGOALDERA IPARRAREN BILAainara maya urroz - ar., 28 api 2020, 12:44
    Emozioak gorabehera, lanean segitu behar... eta irribarre egin!