Elkarrekintza hizkuntzen ikas-irakaskuntzan

Argitaratua: asteartea, 2016(e)ko azaroaren 29(e)an, 13:10(e)an
Olga Esteve

Behin baino gehiagotan mahairatu izan da ea zergatik egiten duen HEOCak bide induktiboaren aldeko apustu: “Ikaslearen interes eta behar komunikatiboetatik abiatuz, ikaslea, batez ere, bide induktibotik jardutera bideratuko da [70.or]” (HEOC, 2015). Azalpen zehatza bezain argigarria eskaintzen du Olga Estevek bideo honetan. Vigotskyren teorian oinarrituta, saiatzen da galdera honi erantzuten: hizkuntzen ikas-irakaskuntzan, zein metodologia litzateke transferigarria hizkuntza guztietara? 

Elkarrekintzaren eragina azpimarratzen du eta hiru ezaugarri nagusi aitortzen dizkio: a) komunikatzea; b) mezuak jaso eta erreakzionatzea; eta, c) ikasteko hitz egitea.  Azken honetan, ekintza komunikatiboaren garrantzia saihestu gabe, alderdi kognitiboaren  irismena hartzen du hizketagai, eta hausnarketa metalinguistikoak eta metakognitiboak ikas-prozesuan duten eragina azaleratzen du.

Aditu honen esanetan, oinarrizko printzipio pedagogikootan ardazten da ikasketaren ikuspegi soziokonstruktibista:

  • Prozesu kognitiboa da ikasketa. Ikasleak dituen ezagutzetan eta eskarmentuan oinarrituta, eta ikaskideekin elkarrekintzan, ezagutza berriak eraikitzen saiatzen da. Prozesu aktiboa da ikaslearentzat.
  • Ikasgela gizarte-testuingurua da bere horretan. Horrenbestez, ikas- eta komunikazio-eremu erreal bilakatzen da, eta izaera berekoak dira bertan bideratzen diren ekintza komunikatiboak.
  • Irakasleak gara dezakeen diskurtsoa bezain garrantzitsua da ikas-prozesua ahalbidetzeko ikasle-irakasle eta ikaskideen artean gara daitekeena.
  • Arazoa ez datza azalpen inplizituak zein esplizituak ematean edota baztertzean. Eremu erreal horretan, elkarrekintzan oinarrituta, prozedura metodologiko jakin bat eratu beharko du irakasleak, ikaslearen aurrezagutzak eta eskarmentuak gaitasun eta ezagutza berriekin bat egin dezaten.
  • Kognizioa, elkarrekintza eta ikasketa erabat uztarturik daude. Horrenbestez, ikas-prozesua ez da uniformea izango kide guztiengan. Banakoari dagokio ezagutzaren eraikuntza eta gaitasunaren garapena, eta banakoak burutu  beharreko prozesua da.
  • Ikasgela bilakatzen da hizkuntzaz eta ikas-prozesuaz aritzeko eta hausnartzeko berariazko eremu eta lan-marko. Horrenbestez, bi dimentsio nagusi azaleratuko dira eremu horretan: a) komunikazioari dagokiona, hizkuntzaren erabilera komunikazio-ekintzetan, eta b) kognizioari dagokiona, ikaslearen adimen-jarduera hausnarketan oinarrituta, bai alderdi formalari begirakoa, bai ikasteko erabili beharreko estrategiei buruzkoa. Prozesu hauek bakar-bakarrik elkarrekintzaren bidez garatzen dira.
  • Komunikazio-helburu bat lortzeko, ama-hizkuntzaren erabilera ez da eragozpen, balioetsi beharreko bitartekaritza-estrategia baizik.Ikuspegi aldaketa
  • Autonomiaren garapena hausnartzeko gaitasuna areagotzen doan heinean etorriko da. Izan ere, autonomo izateak suposatzen du erabakiak hartzeko, eta modu askean, kritiko eta objektiboki hausnartzeko gaitasuna.
  • Gaitasun komunikatiboak aurrera egin dezan, arriskuak hartu beharko ditu ikasleak eta akatsak egin. Baina, ezinbestean, horien gaineko hausnarketak aurrerabidean jarriko du ikaslea. 

Horrenbestez, helburu komunikatiboa duten jardueretan oinarrituta, beharrezkoa izango da forman gehiago fokalizatzea jarduerak, bai aurkikuntza estrategien bidez, bai  inferentziak gauzatuz, bai hipotesiak eginez eta egiaztatuz. Hausnarketa metalinguistikoaren eta metakognitiboaren bidez iritsi behar du ikasleak kontzientzia linguistikoa izatera, kontuan izanda, arestian adierazi bezala, gaitasun hori elkarrekintzaren bidez baino ez dela garatzen, eta ez dagoela autonomiarik aktibatzen eta ekoizten denaren gaineko hausnarketarik ez badago.

Bestalde, diskurtso errealak burutzen diren eremu gisa sumatu behar du ikasleak ikasgela, besteak beste, eremu horretan garatzen diren hainbat diskurtso, benetakoak izateaz gain, berezkoak dituelako testuinguru horrek.

Hitzaldian bideratutako ataza proposatzean —eranskin doa erabilitako testua—, honako lau eginkizunak burutzea eskatzen die adituak bertaratutakoei:

  1. Testua aztertu eta azpimarratu ulertzen dena.
  2. Binaka jarrita, informazioa trukatu eta osatu kidearekin
  3. Beste bikote batekin elkartuta, saiatu polonierak, sistema linguistiko gisa, nola funtzionatzen duen ulertzen eta azaltzen.
  4. Saiatu polonieraz enuntziatu bat osatzen, hitzaldia garatzen den testuinguruan eta egoeran zentzua eta esanahia hartuko duena.  

Dokumentu osagarria

Esteve, O., Arumí, M. eta Cañada, M. (2003). Hacia la autonomía del aprendiz en la enseñanza de lenguas extranjeras en el ámbito universitario: el enfoque por tareas como puente de unión entre el aprendizaje en el aula y el trabajo en autoaprendizaje Bells: Barcelona, English language and lirerature studies, 12. Hemendik berreskuratua: http://www.raco.cat/index.php/Bells/article/view/82922