Elkarrekintza, elkarrizketa eskatzen duen prozesua

Argitaratua: astelehena, 6 apirila 2020, 11:54
Olga Esteve


Ikuspegi konstruktibistak kognitiboki aktiboa den pertsona-taldetzat hartzen du ikasleria, alegia, aurretiko ezagutza edo ezagutza inplizitua estrategikoki erabiltzen duena,  gizarte-esperientzia eta munduari buruzko ezagutza baliatzen duena, eta ikas-atazak burutzeko gaitasuna duena.

Vigotskiren teoria sozio-kulturala prozesu kognitiboei buruzkoa da, norbanakoaren izaera aktiboa aldarrikatzen du, eta, halaber, testuinguru sozialak eta historikoak pertsonarengan eragiten dutela azpimarratzen du. Haren ustez, prozesu kognitiboen jatorria soziala da, hau da, elkarrekintza sozialean eratzen dira eta ondoren barneratzen ditu gizabanakoak.

Teoria horrek ikasgelako ikaskuntzaren kontzepzioa eskaintzen du, oinarrizko gidalerro pedagogiko hauetan oinarrituta:

  1. Ikaskuntza prozesu kognitibo gisa ulertu behar da: ezagutza berriak eta gaitasun berriak eraikitzen saiatzen da ikaslea, aurreko ezagutza eta esperientzietatik abiatuta eta gelakideekiko elkarrekintzetan oinarrituta.
  2. Ikasgela testuinguru sozialtzat hartzen da. Horrek esan nahi du ikasteko eta komunikatzeko espazio gisa ulertzen dela, eta, espazio horretan, partaideek  ideiak, esperientziak eta ezagutzak partekatzen dituztela interes komuna lortzearren: ikastea.
  3. Irakasleak era ditzakeen diskurtso errealak bezain garrantzitsuak dira ikasgelan bertan sor daitekeenak (irakasle-ikasle edota ikasle-ikasle mailakoak). Horrenbestez, ezin da ikasgela eguneroko errealitatearen kopiatzat hartu, berezko izaera duen eta mundu errealetik bereizten den testuingurutzat baizik, besteak beste, irakaslea eta ikaslea elkarrekintzan aritzeko helburua berbera delako: ikastea.
  4. Kontua ez da azalpen esplizituak baztertzea, baizik eta, ikasgelako kide guztien interakzioaren bidez, ikasle bakoitzak aldez aurretik dituen esperientziak eta ezagutzak ezagutza eta gaitasun berriekin uztartzea ahalbidetu duen prozedura metodologikoa baliatzea.
  5. Talde berean, ikaskuntza-prozesua ez da uniforme; banakakoari baitagokio ikastea. Hori dela eta, irakaskuntza-praktikak Garapen Hurbileko Eremua deitzen den horretara ekarri beharko lirateke (Vygostky). Izan ere, bi garapen-maila egiaztatzen dira ikaskuntzan: a) ikasleak bere kabuz egiten dakiena; unean unekoa; eta b) ikaslea besteengandik jasotzen duen laguntzarekin egiteko gai izan daitekeena; potentziala.
  6. Hizkuntzari eta ikasprozesuari buruz hausnartzeko eta hitz egiteko beharrezko esparru eta espazio bilakatzen da ikasgela. Horrexegatik, komunikazio-jardueretan hizkuntzari eta ikasprozesuari buruzko hausnarketak ahalbidetzen dituzten metodologiak sustatu behar dira. Izan ere, “erabiliz ikasia” leloak bi dimentsio hartzen ditu bere baitan: dimentsio komunikatiboa, hizkuntzaren erabilerari buruzkoa; eta dimentsio kognitiboa, ikaslea hizkuntza-sistema formalari, erabilerari eta ikasteko estrategiei buruz hausnartzera daraman jarduera mentala.
  7. H2-en ikaskuntzan  ama-hizkuntzaren balioa areagotu egiten da. Ez da  oztopotzat hartu behar, baizik eta komunikazio-helburua lortzeko bitartekotza-estrategia baliagarritzat. 
  8. Hausnarketarako gaitasuna garatzeak ikaslearen autonomia garatzea sustatzen du. Ezin da alboratu ikaskuntzaren osagai guztiei buruzko hausnarketa kontzientearen garrantzia, hain zuzen ere, nork bere aldetik jarduteko edota erabakiak hartzeko;  Autonomiak modu kritikoan eta objektiboan hausnartzeko gaitasuna adierazten duelako.
  9. Nahiz eta akatsak egin, arriskuak hartu behar ditu ikasleak, bai esperimentatzeko, bai komunikazio-gaitasunean aurrera egiteko. Horrela, sustatu egin behar da unean uneko konpetentzia-mailak ahalbidetzen diena baino haratago joan nahi izatea. 
  10. Irakaskuntza modu planifikatuan orientatzen eta gidatzen duen jarduera gisa ulertu behar da, eta irakaslea orientatzaile, bitartekari eta gidari. Baina programazio ofizialean jasotako asmoek aurreikusitako norabidean. Horretarako, beharrezkoa izango da irakasleak ulertzea bere ekintza pedagogikoa Garapen Hurbileko Eremuak sortzean oinarrituko dela, eta laguntza pedagogikoaren lan-eremuan mugitu beharko duela.

Marko horren arabera, ikasleak hasierako gaitasun-egoera batetik garatuago dagoen beste batera egin dezake aurrera beste batzuekin elkarrekintzan, maila berdinekoak izan, aurreratuagoak izan, zein adituak izan. Soziokonstruktibismoak barneratzen duen ideiaren arabera, garapen kognitiboak pertsonaren kanpoko mundutik barne-mundura doan prozesua jarraitzen du: eremu sozialetik jaso eta norbereganatu. Baina maila batetik bestera igarotzea ez da berez gertatzen, baizik eta bitarteko-prozesu baten emaitza da. Prozesu horretan, bitartekotza-tresnek lehen mailako zeregina dute, eta hizkuntza bilakatzen da bitartekotza-tresna nagusi.

Hezkuntza eta ikaskuntza elkarreraginpean burutzen diren prozesutzat hartzen dira, irakasteak hitz egitea dakarrela ulertuta, elkarrizketak izatea. Horrela, elkarrekintza ez ezik, elkarren artean osatzen den pentsamendua ere badugu ikaskuntzan; pentsamendua eta hizkuntza hertsiki loturik baitaude. Eta, horregatik hain zuzen, pedagogia dialogikoa indartzeko beharrezkoa izango da hiru interakzio-mota sustatzea ikasgelan: irakaslearen eta ikaslearen artekoa; berdinen artekoa; eta norberarekikoa.

Irakaslearen eta ikaslearen artekoa

Aldez aurretik ezarritako helburuak izan arren, ikasgela dinamizatzeak eskatzen du irakaste-prozesua elkarrekintzak eta informazio-trukeak hartzen duten norabideari jarraitzea, ikasleen beharretara eta sortzen diren gaietara egokitu dadin, eta, une bakoitzean, irakasleak erabakitzea zein den jarraitu beharreko biderik onena. Elkarrekintza sustatzeko estrategiarik onenetarikoa galdera irekiak dira. Oro har, aztergaia arrazoitzera, justifikatzera edo ikasleen esperientziekin erlazionatzera gonbidatzen dute, eta aldez aurretik ikasitako elementuekin konexioak bilatzera. Alegia, jarraitutasuna bermatzea. Izan ere, komeni da aurretikako esperientziak ondoren datozenen oinarri izatea, zentzua ematen laguntzea, eta, bien bitartean, ikasleak ezagutza-eraikuntza bateratuaren kide bilakatzea.

Berdinen artekoa

Hasiera batean aldamio edota laguntza psikopedagogikoa ematea irakasleari aitortzen bazitzaion ere, une honetan prozesuan parte hartzen duen beste edonori ere zabaldu zaio: Garapen Hurbileko Eremuak. Horrela, talde txikian egiten den lan orok berdinen arteko lana susta dezake, baina berdinen arteko elkarrizketa orok ez du ezagutza berria eraikitzen lagunduko, besteak beste, elkarrekintzak oinarrizko arau hauek bete beharko dituelako: jarduerari suposatzen zaion erronka bere gain hartzea; kide guztiek esku hartzeko konpromisoa hartzea eta taldekideak hitza hartzera animatzea; garrantzitsua den informazioa partekatzea; aukera posibleak eztabaidatzea; akordio bat bilatzea; taldeak hartutako erabakien gaineko erantzukizuna partekatzea; eta, banakako hausnarketarako ere tartetxoak izatea.

 Norberarekikoa

Elkarrekintza honen funtzio nagusia da norberaren pentsamenduak taxutzea eta kontrolatzea: arrazoitzea, ekintza bat planifikatzea, arazoak konpontzea, aztertzea, ebaluatzea... Entzunezko eta irakurrizko ekintzetan, barne diskurtsoaren bidez hitzak pentsamendu bihurtzen dira; hitz egitean eta idaztean, berriz, pentsamendua hitzetan islatzen da. Tresnak aproposak izan daitezke, esaterako, idazketa, hausnarketarako elementu gisa baliatuz; sekuentzia didaktikoetan hausnarketarako eta ikerketarako faseak sartzea; portfolioa erabiltzea; eta, jarraibide metakognitiboekin lan egitea.

Helburua da ikaslearen “barne curriculuma”, ikasgela-jardueretatik eta bere beharretatik sortzen dena, modu naturalean azaleratzea eta ikaskuntza-egoera beraren osagai izatea, zeinetan ikasleen eta irakasleen arteko erabakiak batera hartzea den faktorerik garrantzitsuena.


Gehiago jakiteko

Esteve Ruescas, O. (2002). La interacción en el aula desde el punto de vista de la co-construcción de conocimientos: un planteamiento didáctico. In M. S. Salaberri Ramiro (koord.), La lengua, vehiculo cultural multidisciplinar (61-82 orr.). Ministerio de Educación, Cultura y Deporte.

Esteve Ruescas, O. (2009). La interacción, un proceso que implica conversar. Cuadernos de Pedagogía 391, 56-59.

Show comments
  • 2019anIñaki Murua - az., 6 mai 2020, 2:25
    Aldamioa kontzeptua ageri da sarrera honetan. Aldamioaz eta ikaskuntzaz mintzatzen da Olga Esteve bera Edinumen argitaletxeak plazaratutako bideo honetan: https://youtu.be/tUlGRWdKppo