Eleaniztunaren konpetentziaren arkitektura eta konplexutasuna

Argitaratua: asteartea, 18 maiatza 2004, 12:30

Lan honetan aurkezten ditugun ebaluazioari buruzko gogoeta eta proposamenak, Hezkuntzako OCDn idatzita dagoenarekin lotu nahi izan ditugu. Hau da, lan honetara hurbiltzen den irakasleari ezagunak egingo zaizkio, aurki, hemen aipatuko ditugun hainbat alderdi. Izan ere, EAEko Oinarrizko Curriculum Diseinuan, ikasleek hizkuntza ezberdinetan (lehendabizikoan, bigarrenean, atzerriko hizkuntzan) garatu behar dituzten gaitasunen deskribapena aurkituko du irakasleak; ez, ordea, hiru hizkuntzen artean gerta daitezkeen harremanak ezta, horiek gerta daitezen, nola landu eta nola ebalua daitezkeen ere. Hori dela eta, hobekuntzak egin beharra ikusten diogu gaur egun dugun OCDri. Hemen esango ditugunak batez ere hezkuntza-sistemari begira idatzita daude. Hala ere, badute interesa hizkuntza irakaskuntzan diharduen edonorentzat ere.