"El cerebro bilingüe. La neurociencia del lenguaje". Albert Costa

Argitaratua: asteartea, 2018(e)ko martxoaren 20(e)an, 15:41(e)an
Costa_El cerebro bilingüe

2017an argitaratutako liburua dugu "El cerebro blingüe. La neurociencia del lenguaje", eta Jon Andoni Duñabeitiak gomendatutakoa. Egilearen eskarmentua eta esperientziak agertzen dira lan honetan. Izan ere, ikertzailea izateaz gain, Albert Costa bera ere eleaniztuna da eta horrelako testuinguruetan hazia eta bizi izandakoa. 

Hitzaurrean esaten denez, ez du bigarren hizkuntzak ikasteko metodoak lantzeko asmorik edota zeintzuk diren bigarren hizkuntza eskuratzeko estrategiarik eraginkorrenak aztertzekorik. Hala ere, aldagai batzuk agertzen zaizkigu liburuan aipatutako ikerketa batzuetan, adinaren eragina besteak beste. 

Baina, azken finean, guztion intereseko gaia da hizkuntza; seguruenik  geure buruari galdetu diogu inoiz giza-burmuinean elebitasunaren funtzionamenduaz edo nola eskuratzen eta prozesatzen den hizkuntza.  Areago oraindik; ezinbestekoa da elebitasuna hizkuntzaren funtzionamendua ulertzeko; esate baterako: nola lortzen dute haurrek bi hizkuntza bereiztea? haur elebakar eta elebidunek ikasketa-prozesu desberdinak dituzte? nola egiten dute okerrera bi hizkuntzek garun-kalte baten ondoren? Horrelakoak eta antzekoak argitzen lagundu nahi du Costak eta, bide batez, irakurlearen jakin-mina  pizten.

Bost atal ditu liburuak: 

  1. "sehaska elebidunak", edo bi hizkuntza aldi berean ikasi behar duten haurren erronkak. 
  2. "burmuin elebidunak", edo elebidun helduen burmuinean nola dauden errepresentaturik bi hizkuntzak.  
  3. bi hizkuntza ikasi eta erabiltzearen ondorioak hizkuntzaren prozesamenduan. 
  4. "elebitasuna buru-gimnasia gisa", edo nola eragiten dien esperientzia elebidunak bestelako gaitasun kognitiboei, garun-kalteari esaterako. 
  5. "erabaki elebidunak", edo nola eragiten dien erabakiak hartzeko prozesuei bigarren hizkuntzak. 

Lehen hurbilketan idazkera-estilo arinagatik kontrakoa pentsa litekeen arren, testuaren azpian ikerketa eta hausnarketa ugari sumatzen da. Arestian adierazitakoari jarraikiz, ikerketa horien adibide zein azalpenak eman egiten dira testu osoan zehar. Bestelako esanda, irakurtzeko ez da zaila eta, aldi berean, oinarri sakona du Joaquín Costaren lan honek.

HABEren liburutegian.

books.google-n aurkibidea eta atalen bat irakurtzeko aukera


Beste eduki interesgarriak

L de Lengua

Hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa

Hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa izan da L de Lengua-n Jon Andoni Duñabeitiari egin dioten elkarrizketan gai nagusia. Ohi bezala, Sarean dago eskura podcasta.