Ebaluazio formatiboaren funtzioa idazkuntzaren irakaskuntzan. Posible al da beste era batera ebaluatzea?

Argitaratua: asteartea, 2018(e)ko ekainaren 26(e)an, 08:39(e)an
Teresa Ribas y Seix

Ebaluazioaren inguruko audio/bideo-emanaldiak

Betidanik izan da ebaluazioa ikaslea eta irakaslea kezkatu izan dituen prozesua, oraindik orain irtenbide zehatzik ez duena. Arazo-sortzailea da, besteak beste, jokoan dituelako objektibotasuna, etika, justizia … Ez da aurkitu erabat aseko duen irtenbiderik, dantzan jartzen dituelako irakasbideak, baliabideak, irakasten dena eta ebaluatzen dena …

Ekoizpenen zuzenketak ere ez du gehiegi ase irakaslea, ez baita argi geratzen zuzenketaren erabilgarritasuna, ez eta eskatzen duen denbora eta denbora horren ondorengo eraginkortasuna. Horrenbestez, zer egin behar da ebaluaziogintzak zentzu handiagoa eta sakonagoa izan dezan? Galdera horri erantzutera dator, aditu honen hitzetan, ebaluazio formatiboa, eta eskatuko du, prozesuak eta emaitzak hobetu daitezen, zuzenketa-denbora ikas-irakasprozesuan inbertitzea.

Egokiera-prozesutzat hartzen da ebaluazio formatiboa, elementu jakin batean fokusa jarrita ikasprozesua erregulatzera datorrena; hau da, azaleratutako beharren arabera zerbaitetan eragitea elkarrekintzaren bidez prozesua egokitua eta doitua izan ahal izateko.

Ikus daitekeenez, norabide biko egokiera da, irakaslearen eta ikaslearen jarduera elkarrekiko doitzen dena. Irakasleak irakaslearen behar objektibo eta subjektiboetara egokitzen du bere proposamena (curriculum-edukiak, metodologia, lan-estrategiak …), ikaslearen estrategiak eta jarduera/ekoizpenak irakaslearen proposamenerantz bideratzen diren bitartean.

Zertarako ebaluatu?

Bi funtzio nagusi aurreikusten zaizkio ebaluazioari ikas-irakasprozesuan: egiaztatzailea, lehena, eta formatiboa bigarrena. Garai jakinetan burutuko badira ere, eta helburu ezberdinak izan, aipagarriena da behin ikasprozesua amaitu denean bideratzen dela egiaztatzailea, formatiboa ikasprozesuaren baitan bideratzen den bitartean.

Ebaluazio sumatiboa funtzio egiaztatzailearen zein formatiboaren baitan ageri bada ere (ikus irudia), egitekoak ez dira berdinak. Lehendabizikoan, aurretik ezarritako helburuak ikasleak zer mailatan lortu dituen aztertzea du helburu, eta, horren arabera, egiaztatu, sailkatu, sustatu … Bigarrenean, berriz, ikaslearen kontzientzia areagotzearekin dago lotuta: erregulazioa, autoerregulazioa, proaktibotasuna … Horretarako hainbat erreminta eta jarduera proposatuko ditu irakasleak ikaslearentzat arazo-sortzaile diren egoeretan ardaztuta horiei irtenbide bat eman ahal izateko.

Bietan izango ditugu deskribapenak, neurketak eta epaiak; bietan, informazioa, ebaluazio-irizpideak eta irizpenak. Baina ikasgelatik kanpo gauzatzen diren prozesuetan izango du eragina lehenak, eta ikasgelaren baitan garatzen direnetan, bigarrenak.

Ebaluazioaren funtzioak sekuentzia didaktikoaren garapenean

Sekuentzia didaktikoaren joan-etorrian, hiru memento nagusi aurreikusten dira ebaluatzeko garaian: hasiera, prozesua eta amaiera. Horietako bakoitzean, indarrak ikaslearen edota irakaslearen eremuan indarrak jarri ala ez, aldatu egiten dira ebaluazioaren funtzioak. Hasieran, garatzekoa den ekintzaren aurrean jarri behar dira bi subjektuak: sendotasunak eta ahuleziak azaleratu, ataza irudikatu … Azken batean, ikaslearen eta irakaslearen erreferentzia-markoek bat egitea lortu behar da burutu beharreko ekintzaren aurrean.

Ikas-irakasprozesuan, aldiz, ikasleak irizpideak bereganatzeko ibilbide bilaka daiteke ebaluazio formatiboa, gerora, autoebaluazioaren eta koebaluazioaren eskutik, prozesuan bertan zein sekuentziaren amaieran, norberaren eta ikaskideen ekoizpenak ebaluatzea ahalbidetuko duena. Horretaz gain, oinarrizko informazioa eskainiko dio irakasleari segidan datozen sekuentzia didaktikoak egituratzeko eta bideratzeko.

Horrenbestez, espazioak eta denborak eskatuko ditu ebaluazio formatiboak, zeinetan ikasleak protagonismoa hartuko duen, eta bere iritzia eta ikuspegia jasotzeko paradarik eskainiko dioten.

Horrela, gehiago izango du ebaluazio formatiboak ikas-irakaskuntzatik, ebaluaziotik baino, eta gertuago egongo da gidalerro metodologikoetatik emaitza batetik baino. Halere, ez dago ukatzerik bat egingo duela ebaluazioaren hiru lerro nagusiekin, alegia:

  • Informazio-bilketa sistematikoa egitea
  • Irizpideen arabera balioestea
  • Ondorioak ateratzea eta erabakiak hartzea.

Ebaluazio formatiboa burutzea ahalbidetzen duten sekuentzia didaktikoen ezaugarriak