"Competencias digitales en el aula" liburua

Argitaratua: asteartea, 9 otsaila 2021, 9:57
"Competencias digitales en el aula" liburua

ELE ikasgelan, eta hizkuntza-ikasgeletan oro har, hezkuntz teknologia txertatzeko gida bat da Olga Juan-Lázarok (Instituto Cervantes) eta Leyre Alejaldre Biel-ek (Columbia University) idatzi duten Competencias digitales en el aula. Estrategias y modelos de implementación en la enseñanza de idiomas liburua. EnClave ele argitaletxeaaren eta UDIMA unibertsitatearen elkarlanaren emaitza da, Aurora Centellas Rodrigok zuzendutako colección ÁMBITO ELE bildumaren baitakoa hain zuzen.

INTEFek (Instituto Nacional de Tecnologías Educativas y Formación del Profesorado, Espainiako Gobernuaren menpeko erakundea) 2017an argitara emandako Marco Común de Competencia Digital Docente delakoa da haria; izan ere, diagnosirako edo abiapuntua zehazteko zein irakasleen gaitasun digitalak hobetzeko baliagarria izan daiteke Marko hori egileen iritziz.

Hala, aipatutako Markoan ageri diren bost esparruei erantzun nahi die liburuak. Ondorioz, aurkezpeneko bi kapituluren ondoren (gizarte teknologikoaren testuingurua, aldaketa metodologikoa ikasgelako aldaketa digitalerako oinarri gisa) eta azken atalean ondorioak eta ikerketa-eremuak azaldu aurretik, esparruko kapitulu oso bat dago:

  • informazioa eta alfabetatze teknologikoa
  • komunikazioa eta lankidetza
  • eduki digitalak sortzea
  • seguritatea
  • arazoak ebaztea

 Kapituluetan honako hauek aurkituko ditu irakurleak, ikasteko esperientzia irakurtze hutsetik harago joan dadin eta hala teknologia era egokian erabili ahal izateko bidea errazagoa izan dakion:

  • informazio kontzeptuala
  • eskuliburua irakurri bitartean egiteko ariketak
  • erreminta digitalak
  • eskolan erabiltzeko moduko jardueren adibideak
  • bibliografia osagarria

 Halaber, aipagarria da liburuan ugari direla taulak, autoebaluazioak egiteari begira esaterako, eta irudiak. Hortaz gain, QR kodeen bidez Interneteko zenbait edukitara jauzi egiteko aukera ematen zaio irakurleari, berariaz sortutako foroetara besteak beste.

Aurkibidea

HABE liburutegian

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOA

Juan-Lázaro, O. eta Alejaldre Biel, L. (2020). Competencias digitales en el aula. Estrategias y modelos de implementación en la enseñanza de idiomas. enClave-ELE-UDIMA.

Show comments