Christian Puren izango da hizlaria 17/18 ikasturtearen hasiera-ekitaldian

Argitaratua: asteartea, 2017(e)ko abuztuaren 29(a)n, 12:52(e)tan
Christian Puren

Christian Puren doktorea izango da hizlaria 2017ko irailaren 15ean Bilbon egingo den helduen euskalduntzearen 2017/18 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan; Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu jauna izango da mahaiburu. Hitzaldiaren izenburua, berriz, "La perspectiva accional, una nueva concepción de la relación lengua-cultura" da.

Christian Puren irakasle emeritoa da Saint-Ètienne-ko unibertsitatean 2008an erretiroa hartu zuenetik. Hizkuntzen irakaskuntzaren alorrean aditu nagusienetako bat dugu gaur egun Europan, batez ere gaztelaniaren eta frantsesaren irakaskuntzan. Zeregin horretan, hizkuntzaren eta kulturaren arteko loturari eta hizkuntza ikastean ekintzaren kontzeptuari aitortzen dien garrantziak irakasle askoren arreta piztu du.

Unibertsitate askotan jardun du irakasle: Venezuela, Maroko, Boli kosta, Estonia, Bordeaux III, Paris IUFM, Paris-III Sorbonne Nouvelle, Université Technologique de Compiègne eta Saint Etienne-ko Jean Monet unibertsitateetan, esaterako.

Ohorezko presidentea da APLV (Association des Professeurs de Langues Vivantes) elkartean eta GERES ikerketa-taldean (Groupe d'Ëtude et de Recherche en Espagnol de Spécialité). Partaide ere bada hizkuntzen irakaskuntza aztergai duten hainbat eta hainbat aldizkariren erredakzio-batzordeetan.

Luzea da argitara eman dituen liburu eta artikuluen zerrenda. Horietako asko eta asko bere webgunean daude eskuragai interesa dutenenentzat.

Hizkuntzen irakaskuntzan ekintza komunikatiboaren ikuspegia zabaltzeko proposamen zehatza egiten du, eta testuinguru horretan, kulturak eta hizkuntzak elkarren artean duten lotura-modua azaleratzen. Christian Purenek irailaren 15ean Bilbon (12:00etan,  Maria Diaz de Haro kalean dagoen Euskadiko Artxiko Historikoan) emango duen hitzaldiak aukera egokia eskainiko die aldez edo moldez helduen euskalduntzegintzan dihardutenei gai hauen inguruko giltzak landu dituen aditu nagusiaren eskutik zuzen-zuzenean jasotzeko.