Cassanyren "Laboratorio lector" liburua

Argitaratua: osteguna, 28 otsaila 2019, 5:15
Cassany_Laboratorio lector

(Idazmenaren) sukaldetik (irakurmenaren) laborategira egin du jauzi oraingo honetan Daniel Cassanyk. Izan ere, iaz katalanez argitaratuko liburua plazaratu berri du Anagrama argitaletxeak gaztelaniaz “Laboratorio lector. Para entender la lectura” izenburuaz.

Ezaguna dugu geurean Daniel Cassany; ezagunak bere lanak. Besteak beste, Itzulpen Saila bilduman argitaratutako Sustraietatik zerura  da euskaraz atera den bere lehendabiziko liburua. Irakurtzea da oraingo honetan landu duen esparrua.  

Hainbat hartzaile izan ditu kontuan: irakurtzea gustuko duena, gustatu gabe ere lana dela-eta irakurri behar duena, ikasi behar duena, irakurtzen irakatsi behar duena edo irakurriz ikasten den zerbait irakatsi behar duena...  Ikuspegi zabala aurkezten du Daniel Cassanyk esperimentu edo ariketa, hausnarketa eta irakaspenen bidez. Bere ustez, irakurtzea ez da uste bezain erraza, eta liburuaren irakurlea kritikoagoa eta zuhurragoa izatea du xede; era guztietako testuz inguratuta gauden une honetan, nola irakurtzen dugun hobeto ulertzea eta hobeto irakurri ahal izatea, azken finean. 

Hitzaurreaz eta epilogoaz gain, 20 kapitulu daude liburuan (aurkibidea). Antzeko egituraz daude eratuta kapituluak: beste idazle edo egileren baten aipu laburra, azalpenak, adibideak eta ariketak (esperimentuak), ariketen erantzunak eta bibliografia. Izan ere, 79 esperimentu daude liburuan zehar, era guztietakoak: garunaren automatismoez zein memoriak lan egiteko eraz ohartzeko, egiten ditugun inferentziez jabetzeko, idazki bat esploratzeko estrategiak berrikusteko... Halaber, Sarean informazioa bilatzen irakasten du, webgunerik fidagarrienak sumatzen, tresna linguistikoak erabiltzen edota plagioak ekiditen. 

Liburuaren lagin bat Google Books-en dago eskura. Liburu osoa berriz, HABE liburutegian


Informazio osagarria: