C-testei gertuagotik begiratuz

Argitaratua: ostirala, 11 maiatza 2007, 10:30

Gero eta gehiago erabiltzen ari dira hizkuntzen ebaluazioaren alorrean C-test izeneko probak. C-testa Cloze-testaren aldaera bat da. Izan ere, proba-mota horri emandako izena bera Cloze-testaren zordun da. Cloze-testean ez bezala, C-testean aukeratutako hitzak –biz bat– testutik kendu beharrean, bertan uzten dira, baina, eskuin aldeko erdia ezabatuta. Proba-mota horren inguruan egindako azterlanetan bistaratzen denez, baditu hainbat abantaila usadiozko Cloze-testekin alderatuta.

Cloze-testei batzuek egindako maiseoen artean baliotasun eskasa da aipatuena. Cloze-testek testu bakarra dute oinarri. Eta desabantaila izaten da hori ikasle batzuek asko jakin dezaketelako gaiaz eta beste batzuek, berriz, ez hainbeste. C-testaren bidez, irakurmenetik harago, hizkuntza trebetasun orokorra neurtzen da. Bat datoz horretan gaia jorratu duten aditu gehienak. Eta azterlanen emaitzen arabera, Cloze-testa baino baliotasun handiagokoa da. Fidagarritasunari dagokionez ere oso koefiziente altuak eskaintzen dira.

Artikuluan esaten dugu Euskararen irakaskuntzan ere mereziko lukeela erabiltzea C-testa baldin-eta, sakonetik aztertutakoan, ikusiko balitz egokia dela. Erabilera-eremu bat aipatzen dugu bereziki: mailaketa. Horrek ez du bazter uzten, noski, probak beste era batzuetara erabil daitezkeela. Baina, dituen ezaugarriengatik (aplikazio eta zuzenketa erraza, besteak beste) mailaketa da, ezbairik gabe, adituek aitortzen dioten erabilera-modu egokienetako bat.

Beste eduki interesgarriak

hizpide 70

C-testa mailaketa-proba gisa aztertuz

Jorratuak ditugu Cloze-testaren eta C-testaren gaineko hainbat alderdi aldizkari honetan bertan (Perales, 2006, 2007). Oraingo lan hau, berriz, paratu dugu “C-testei gertuagotik begiratuz” izenburu duenaren segida gisa. Artikulu hartan aztertutako alderdi teorikoak abiapuntu harturik, C-testak gure ingurunean zenbateraino den aplikagarri eta baliagarri begiratzen hasi nahi dugu. Lana bi zatitan dago banatua. Lehenengoan, aipatu artikuluan azaldutako hainbat kontzeptu teoriko ekarriko ditugu berriz gogora eta horiei erantsiko, gaurkotze aldera, beste bat zuk merezi dutelakoan. Bigarren zatian, berriz, C-test bat prestatu, euskara-hiztunez osaturiko bi lagini eta euskara-ikasle helduez osaturiko hirugarren lagin bati ere erantzunarazita emaitzen azterketa azalduko dugu. Hirugarren laginean Donostiako hainbat euskaltegitako 83 euskara-ikaslek hartu dute parte. Zeregin horretan, Amarako AEK, Hitzez, Ilazki, Legazpi 6, Urumea eta Urrats euskaltegiak izan ditugu lankide. Aurreko berrikusketa teorikoetan idatzi bezala, C-testari ikusten zaizkion egitekoetako bat da ikaslegaia ikas-prozesuaren zein urratsetan dagoen zehaztea. Hori horrela, probaren alderdi horri begiratuko diogu azterlan honetan.