Bitartekotza, hizkuntza ikasteko komunikazio-modu gisa eta gaitasun profesional gisa

Argitaratua: ostirala, 18 abendua 2020, 11:21
Les cahiers du GERES

Carmen Ramos (@carmenramos_sa) eta Pilar Salamanca irakasleek  La mediación como forma de comunicación para el aprendizaje de la lengua y como competencia profesional komunikazioa aurkeztu zuten GERES (Groupe d'Étude et de Recherche en Espagnol de Spécialité) taldeak 2018ko ekainean antolatutako nazioarteko topaketetan; talde berak argitaratutako aldizkariaren 11. zenbakian dago jasota artikulu gisa.

Irakasle horien ustez, bitartekotza oso garrantzitsua da hiru alderdiri erreparatuz:

  • elkarlanerako eta hausnarketarako komunikazio-ekintza gisa,
  • gaitasun profesional gisa, 
  • eta hizkuntza ikasteko tresna gisa.

Bitartekotza linguistikoari buruzko oinarri teoriko garrantzitsuenak azaldu dituzte Ramosek eta Salamancak artikulua hasteko: zein marko teorikotan kokatzen duten, Europako Erreferentzia Marko Bateratuan eta horren osagarria den argitalpen berrian gaiaz zer ageri den...

Gaztelania-eskolarako proposamen bat aurkeztu dute ondoren. Proposamen horren testuingurua berezia izanagatik (unibertsitatea, bitartekotzari propio eskainitako ikastaro baten barruan), interesgarria izan daiteke bestelako esparruetan ere bai; besteak beste, proposamenaren inguruan emandako azalpenengatik.

Ikastaroan aritutako ikasle batek esan zuenez, bitartekari ona izateko oinarria bi hizkuntzen ezagutza izan arren, ez da nahikoa. Hala, bitartekotza jarduera konplexua dela uste dute aditu hauek. Izan ere, elkarren artean lotura estua duten eremu desberdinetako gaitasunak aktibatzea eskatzen du: sozialak, kulturalak eta komunikatiboak. Halaber, ikasleek gelan egindakoari buruz hausnartzeko prozesu garrantzitsuak jaso dituzte proposamenean, bai zereginei dagozkienak, bai komunikazio-bide gisa bitartekotzari berari buruzkoak. Prozesu horiek diseinatu, antolatu eta gidatzea izango litzateke irakaslearen zeregina.


Erreferentzia

Ramos, C. eta Salamanca, P. (2019). La mediación como forma de comunicación para el aprendizaje de la lengua y como competencia profesional. Les Cahiers du GERES, 11, 99-108. https://www.geres-sup.com/revue/les-cahiers-du-geres-n-11/

Beste eduki interesgarriak

Iñaki Villoslada

Bitartekotza linguistikoa, konpetentzia berria

Bitartekotza linguistikoa (BL) boladan dago. BLa bitartekari batek burutzen duen hizkuntza-jarduera da, kode linguistiko –hizkuntza, aldaera edo erregistro– desberdinak darabiltzatenek elkar uler dezaten. Komunikazio-modu hori Europako Erreferentzia Marko Bateratuan (EEMB) jarduera integratzailetzat jo da, ekoizpena, harrera eta interakzioa (elkarrekintza) bateratzen dituelako. Artikulu honetan, bitartekotza profesionaletik bereizi ondoren, BL arrunt terminoaren erabilerara hurbildu da egilea, bigarren hizkuntzen, bereziki euskararen, irakaskuntzaren ikuspegitik.