Behaketa eskolan

Argitaratua: asteazkena, 12 apirila 2017, 1:38
Begia

Sarrera interesgarria idatzi du Jaume Batllek eskolen behaketaren eta irakasleen prestakuntzaren inguruan: La observación de clases y nuestro desarrollo profesional como docentes de ELE . 

Izan ere, eskolen behaketaren bidez gaindi daiteke irakasle berriak edo irakaslegaiak suma dezakeen erreferentzia falta aditu horren ustez; behaketa sistematikoa, ikasteko helburu argia duena eta tresna egokiz egindakoa. Hala, eskolako lehenengo minutuetan irakaslearen jokabidea analizatzen dute  ELEko irakasleen prestakuntzako programaren gaietako batean; ez hitzezko komunikazioan eta espazioaren erabileran jartzen dute arreta berezia.  

Azaltzen duen testuinguru orokorra irakasleen hasierako prestakuntza den arren, sarreraren izenburuan zein Cervantes Institutuaren webgunean dagoen Diccionario de términos clave de ELEn ageri denari jarraikiz,  irakaslearen etengabeko prestakuntzarako ere aproposa da; bestela esanda, garapen profesionalerako. Honela definitu dute behaketa hiztegi horretan: 

“Consiste en registrar sistemática y objetivamente lo que sucede en el aula para poder estudiarlo e interpretarlo posteriormente”.

Jakin badakigu ez dela erraza horrelako materialak eskura izatea. Dena den, bide berriak eskaintzen dizkigute teknologiek horretarako. Erabiltzen duten bideo baten adibidea eman du Batllek: You Tuben dagoen Estrategias de lectura y escucha. Seguruenik, geuk ere atera dezakegu ondoriorik, ezta?


Beste eduki interesgarriak

Jaume Batlle

Parekoen behaketa irakasleen garapen profesionalean: Video Enhanced Observation (VEO) sistemarekin egindako esperientzia praktiko bat

Parekoen behaketa gero erabiliagoa da ikastetxeetan irakasleen garapen profesionalerako praktika gisa. Gogoeta egitea barne hartzen duenez, irakasleek eskolan egin duten lanari eta izan duten jokabideari buruzko gogoeta egin dezakete behaketa modu honi esker, ikasgelan gertatu dena behatuz eta eztabaidatuz. Hala ere, sarritan, irakasle askok ez dute era horretako prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi izaten, behatuak izateak beldurra edo erreparoa ematen dielako. Parekoen behaketaren ezaugarriak analizatzea da artikulu honen xedea, irakurleak sakonago ezagutu ahal izan dezan zer esan nahi duen eta zer eskaintzen dion irakasleen garapen profesionalari. Halaber, parekoen behaketaren ezaugarriak jorratu ondoren, Video Enhanced Observation (VEO) aurkeztuko da. Ikasgelako saioak bideoan grabatzeko aplikazio mugikor bat da, klasean zehar gertatzen diren elementuak eta ezaugarri bereziak etiketatzeko aukera ematen duena, behaketa-prozesua eta, batez ere, behaketaren ondorengo eztabaida, errazagoa, arinagoa, malguagoa eta zehatzagoa izan dadin.