Balorea behar da!

Argitaratua: ostirala, 2018(e)ko urriaren 5(e)an, 12:31(e)an
Iñaki Villoslada

Bi adierarekin onartu du balore hitza Euskaltzaindiak Baturako: lagunartekotzat joz adore eta kemen esanahiarekin, batetik, eta diru kopuru baten ordain den titulu edo agiria obligazio eta akzio hitzen sinonimo gisa, bestetik. 

Balio hitzak, ordea, esanahi gehiago ditu eta zentzu zabalagoa adiera batzuetan: prezioa (Zenbat balio du horrek?), zerbait edo norbait aintzat hartzekoa egiten duen ezaugarria edo ezaugarri multzoa (Gizarteak jakin behar du ezagutzak beti duela balio ikaragarria), eta pertsona batentzat edo gizarte batentzat baliotsua edo garrantzitsua den gauza, ideia edo jarrera (Gizarteak galduak dituen balio asko ditugu, familiaren ingurukoak batez ere).

Baloratu, aldiz, balioetsiren eta balioztaturen sinonimo soila da, biak agertzen baitira Euskaltzaindiaren Hiztegian baloraturen definitzaile gisa, esan nahi duena hobetzat hartzen direla biak ala biak.


Informazio osagarria