15. Hacia un marco metodológico que aboga por un pragmatismo informado

Argitaratua: astelehena, 15 urtarrila 2018, 12:47
15 Diaz Maggioli

"Competencia metodológica para la enseñanza y el aprendizaje" ikastaroa. Miramar 2016.

Irakasleen gaitasun metodologikoa ezin da murriztu metodoen ezagutzara. Izan ere, ikasleen eta irakasleen aldagai pertsonalek; hizkuntzaren, irakaskuntzaren eta kulturaren kontzepzioek; eta horiekin bat, erakundearen gidalerro nagusiek modu sistemikoan elkarrekiten diote, eta, ondorioz, horietako batean ematen diren aldaketek modu esanguratsuan eragingo dute besteetan.

Horrela, ikas/irakas-jardueraren ardatza urrundu egiten da, neurri batean, metodo eta ikuspegi hautaketatik eta gero eta gehiago gerturatzen da ikaskuntzaren, irakaskuntzaren eta ebaluazioaren arteko elkarrekintzara. Ibilbide horretan hizkuntza bilakatzen da, batetik, ikas/irakas-jardunaren objektu, eta, bestetik, bi prozesu horien arteko bitartekaritza-erreminta.

Gaitasun didaktikoa jarduera-sistema gisa

ENGESTRÖMek jarduera-sistema gisa kontzeptualizatzen du ikas-irakaskuntza, non harreman estuan dauden, etenik gabeko elkarrekintzan, sistemaren osagaiak: objektua, subjektuak, erremintak, elkargoa, erregelak eta lanaren banaketa.

  • Objektua. Jarduerara deitzen duena. Hizkuntzen ikas-irakaskuntzan hizkuntza-gaitasuna da.
  • Subjektuak. Objektua lortzear elkarrekiten dutenak: irakaslea eta ikasleak euren aurrezagutza eta beharrekin.
  • Erremintak. Ezberdinak dira ikasleek eta irakasleek baliatzen dituztenak: metodo eta ikuspegien ezagutza, tarteko hizkuntza, ama-hizkuntza eta xede-hizkuntzaren ezagutza eta erabilera-maila, ikas-baliabideak, lekuak, ebaluazio-motak …
  • Arauak. Jardueraren objektua lortzearren irakasleak jokoan jartzen dituenak, hizkuntza- eta ikaskuntza-teorietatik ondorioztatuak, nagusiki. Horietaz gain, erakunde-mailakoak ere hor dira, ikasle-irakasle elkarrekintza erregulatzen dutenak, jarduerara sarbidea ematen dutenak…
  • Komunitatea. Erakunde batean bideratzen da jarduera eta aipatutako arauak elkargoaren historian osatutakoak dira.
  • Lanaren banaketa. Erregelak eta komunitatea elkarri eragiten eta horren ondorio dira, neurri handi batean, lanpostuei egotzitako atazak eta funtzioak.

Ondorio gisa

Ohiko ikuspegitik aztertuta, ikasgelako jarduera ahalbidetuko duten metodo eta ikuspegiak ezagutu eta menderatzera dago bideratuta irakasleen gaitasun metodologikoa. Gaur egun, berriz, ez da gaitasun hori aztertzen alderdi metodologikotik, baizik eta ikas/irakasprozesuaren ulerkuntzatik: nork ikasten duen, zer, noiz, non, nola eta zergatik; eta, nork irakasten duen, zer, noiz, non, nola eta zergatik. Eta horrek eskatzen du horren sarritan aipatu izan den ekleptizismotik pragmatismo informatura pasatzea.  

Comments