Autoebaluazioa, idazkuntzaren zerbitzura?

Argitaratua: astelehena, 11 ekaina 2018, 10:28
Teresa Ribas

Ebaluazioaren inguruko audio/bideo-emanaldiak

Autoebaluatzen ikastea idazten ikastearen aldagai bilaka daitekeenez, autoebaluazioaz dihardugunean zertaz ari garen azaltzea merezi duela dio Teresa Ribas-ek emanaldi honetan,  autoebaluazioaren bidean jartzen den ikaslea hizkuntza gehiago eta sendoago ikastera iritsiko delakoan.

Idazten ikastea prozesu konplexua da.

Ikasketengatik edota dena delakoagatik hizkuntzari buruzko ezagutza deklaratiboak ditu ikasleak: ortografia, morfosintaxia, semantika … Baina ez dira nahikoak izaten, besteak beste, testuak koherentzia eta kohesioa behar dituelako eta testuingurura egokitu. Horretaz gain, testu-tipologiaren berri ere izan behar du idazleak, testu generoei buruzko ezagutza, zenbait parametroren arabera zer egitura duten, nola osatzen diren … Eta azkenik, jakin beharko du zer erabilera-esparrutan gauzatzen diren testu-era horiek, nolako harreman-motak isla ditzaketen eta zer erregistrotan burutzen diren. Azken batean, hizkuntzari, testuinguruari eta erabilerari buruzko ezagutzak jarri beharko ditu indarrean ikasleak testu bat idaztean.

Alabaina, prozedura-ezagutzak ere beharko ditu, praktikarekin zuzen-zuzen lotzen direnak eta idazkuntza erreminta gisa menderatzera eramango dutenak: planifikazioa, egituraketa, berrazterketa eta monitorizazioa.

De facto, ezagutza-mota guzti horiek kudeatzen ikasi beharko du idazleak, deklaratiboak zein prozedurazkoak, denak batera, eta, idaztean azaleratzen zaizkion arazoei erantzungo badie, une berean. Prozesu konplexua, beraz, praktika eta hausnarketa eskatzen dituena. Konplexutasun horretan bertan kokatzen da laguntza-estrategia gisa ebaluazio formatiboa.

Ebaluazio formatiboa

Funtzio ezberdinak dituen prozesua da ebaluazioa, horietan guztietan hiru fase nagusi jasotzen dituena: informazioa eskuratzea, irizpideekiko erkaketa burutzea eta erabakiak hartzea.

Ikuspegi formatibotik ebaluazioa hobekuntzara bideratua da, ikaskuntza emankorragoa lortzearren irakaskuntza-prozesua doitzera eta egokitzera; hitz batean, ikaslearen gaitasuna areagotzeko bideak urratzera. Horrela, urrundu egiten da, ezinbestez, ebaluazio sumatibotik eta egiaztatzailetik, eta bete-betean txertaturik ageri da ikas-irakasprozesuan.

Suma daitekeenez, ikaslearengan ardazten da ebaluazio formatiboa, eta, horrenbestez, ikaslearen ardurapean izatea ezinbestekoa da. Horretarako, bi baldintza bete beharko dira ebaluazio-prozesu hau ikasleak bideratu ahal izateko:

  • Ebaluazio-irizpideren bat, ezagutza operatiboren bat izatea autoebaluazioa gauzatu ahal izateko. Eta,
  • Gauza izatea prozesuaren gaineko kontrol kontzientea eramateko.

Ebaluazio-irizpideen eraiketa

Ez da nahikoa “irakasleak egin beharrean ikasleak egin dezala” esatea. Ezinbestekoa izango da ikaslearen eskuetan irizpide erabilgarriak eta operatiboak jartzea, ebaluatzea ahalbidetuko dutenak. Eraiketa-prozesu bat da, ebaluazio-irizpideen eskurapenean ikasleak urratsez urrats jorratuko duen ibilbidea. Horregatik mintzo da autoebaluatzen ikasteaz.

Ikas-irakasprozesura etorrita, helburuek eta edukiek eskaintzen diote norabidea ekintza didaktikoari, zeina lerrotutako sekuentzia didaktikoetan bideratuko den. Hauetan, eta elkarrekintzan oinarrituz, azaleratzen joango dira ikasleak autoebaluazioan kontuan izan beharreko irizpideak, ondorengo sekuentzia didaktikoetan praktikan jarriko dituenak. Jarduerak aurrera egin ahalean, elkarrekintzak ahalbidetuko du irizpideak formulatzea, birformulatzea, errealitatera doitzea eta ebaluazio-markoa osatzea. 

Ebaluazio formatiboaren abiapuntu eta hausnarketa-prozesuaren abiaburu egoera berri batek azalera dezakeen gatazka kognitiboa bilakatzen da; edota arazoren bat sortzen duen hizkuntza-baliabideren batek. Une horretan, hain zuzen, hartzen du bere benetako egitekoa ebaluazio formatiboak, ebaluazio-tresnak eta ebaluazio-irizpideak ikaslearen eskuetan jarriz autoebaluazioa burutu dezan eta ikasprozesuaz kontzienteago bilaka dadin.

Hausnarketa bultzatzera bideratua da eta helburu ezberdinak ditu:

  • Ikaslearen arreta elementu edota egoera horretan jartzea.
  • Egoerari buruzko hausnarketa ahalbidetzea.
  • Azaleratutako arazoaz ikaslea kontziente bilakatzea.
  • Irtenbide bat proposatzea: arazoari irtenbide bat emateko ezagutza ezberdinak baliatzea.
  • Irtenbide horretarako zenbait lagungarri eskaintzea.

Horrela, ebaluazio formatiboak ahalbidetzen duen prozesua heteronomiatik autonomiara bideratutako ikasketa bihurtzen da, heterorregulaziotik autorregulaziora doana, helburu  norbanakoak ikasprozesuari buruzko hausnarketa autonomoagoa egitea.

Laburbilduz