Atzerriko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza-ikastaroa

Argitaratua: asteazkena, 12 abuztua 2020, 8:00
EHU-Etxepare ikastaroa

2020an bosgarren aldiz eskainiko du Euskal Herriko Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, atzerriko unibertsitate eta goi-mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa.

Izan ere, hasiera-hasieratik euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea izan dute helburuetako bat. Hala, irakurleek lekuan bertan dituzten berariazko premiak kontuan izanik diseinatu dute prestakuntza eta atzerriko unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan, Etxepare Euskal Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuei zuzendutakoa da. Prestakuntza-ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta. Hau da ikastaroaren programa.

Aurtengo edizioan gainera, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen eta Gasteizko Udalaren lankidetza izango da urriko eta azaroko hainbat saiotan. Hala, ikastaroko saio batzuk modu presentzialean emango dira Gasteizen bertan, 2020ko urriaren 2tik azaroaren 28ra ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan hain zuzen; beste saio batzuk, aldiz, modu telematikoan emango dira. Hala ere, egoerak hala behartuta, litekeena da osorik modu telematikoan eman behar izatea. Hala balitz, ikasleei garaiz jakinaraziko litzaieke.

Arestian adierazitakoari jarraikiz, Humanitateetako goi-mailako graduatuei eta lizentziadunei bideratutakoa izango da, betiere hizkuntza-eskakizunak betetzen badituzte (EGA edo legezko titulazio baliokidea izatea). Hala ere, lekurik bada, Giza Zientzietako 4. mailako ikasleek eta beste lizentzia edo graduetako graduatu eta lizentziadunek ere egin ahal izango dute ikastaroa.

Izena emateko epea, abuztuaren 10etik irailaren 18ra (biak barne) izango da. Informazio zabalagoa, Etxepare Euskal Institutuaren webgunean eta EHUrenean.