ALTEren 7. nazioarteko konferentzia, apirilean Madrilen

Argitaratua: osteguna, 5 martxoa 2020, 8:58
Alte

Europako Hizkuntza Aztertzaileen Elkarteak (ALTE) bere 7. nazioarteko konferentzia egingo du Madrilen apirilaren 22tik 24ra Safeguarding the Future of Multilingual Assessment izenburupean.

Europan nagusiki, ALTEk hizkuntzen egiaztatzegintzaren arloko erakunde nagusiak biltzen ditu, helburu izanik hizkuntza-gaitasunaren ebaluazio zuzena eta zehatza sustatzea. Horretarako, ALTEk hizkuntzak ebaluatzeko hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen ditu, eta, aldi berean, kalitate-auditoretza egiten du Europako hizkuntza-azterketak gainbegiratzeko. Eskubide osoko 33 kide ditu gaur egun (horien artean HABE), Europako 25 hizkuntza (euskara barne delarik) ordezkatzen dituztenak; baita 58 afiliatu instituzional eta mundu osoko 500 afiliatu partikular baino gehiago ere.

ALTEren kalitate-ikurra lortu ahal izateko, elkarteak bazkideen lana ikuskatzen du, dituzten helburu eta populazioarekiko ahalik eta azterketa ekitatiboenak egin ditzaten. Euskararen eremuan EGAk lortua zuen ikur hori, eta une honetan, lekukotza hartuta, C1eko azterketaren jardun osoa ALTEren eskakizunei erantzuteko moduan jartzeko lanean ari da HABE.

Madrilera joz gero, aukera egokia da hizkuntzen ebaluazioan eta egiaztatzegintzan lanean ari diren erakunde zein partikularrek proposatzen dituzten ikuspegiak eta jokamoldeak ezagutzeko.

Show comments