Ahotsak ikasgelan: ahozko ondarea lantzeko ikasmateriala

Argitaratua: asteartea, 2018(e)ko otsailaren 13(e)an, 12:37(e)an
Ahotsak logoa

Ahotsak.eus egitasmoaren helburu nagusia ahozko ondarea bildu eta zabaltzea da, gero erabiltzaileek egoki iruditzen zaien eran erabil dezaten. Hezkuntzan oso aberasgarria gerta daiteke, bai hizkera aldetik eta baita herrian herriko ohiturak eta historia ezagutzeko ere. Belaunaldien arteko transmisioa egiteko beste modu bat da, azken batean; lehen etxe barruan, sutondoan, egiten zena orain ikasgelan egitea, teknologia berriak lagun hartuta eta lizentzia librearekin.

Irakasle eta hezitzaile askok uste dute jasotako materiala hezkuntzan erabili beharko litzatekeela. Eta gero eta gehiago dira erabiltzen dutenak. Euskara irakasleak dira gehien darabiltenak, euskalkien adibideak jartzeko. Alabaina, azken urteetan (2010etik hona) era askotako lanketak egiten ari gara ikastetxe eta euskaltegietan, forma ez ezik edukia ere lantzeko.

Hauek dira orain arte hezkuntzako proiektuan parte hartu duten herriak: Eibar, Elgoibar, Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta, Bergara, Pasaia, Tolosa, Ordizia, Lekeitio eta Pasaia. Eta egin ditugun lanketak bi eratakoak dira nagusiki:

1.     Kantu eta jolasak: HH eta LH

Adinekoen testigantzak, bideoan grabatutakoak, dira Ahotsak.eus proiektuaren oinarria. Haiek kantatutako abestien eta erakutsitako jolasen artean aukeraketa egin, eta irakasleei proposatzen dizkiegu. Irakasleek umeekin erabiltzen dituzte, eta ondoren gu umeak grabatzera joaten gara. Bideoak prestatzen ditugu, adinekoen testigantzak eta umeenak batuta, ikastetxeetan erabiltzeko. Adibideak:

o   Atxia-motxia kanta-jolasa

http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/atxia-motxia

o   Kastorrean jolasa

http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/kastorrian-edo-krinketian

9 ikastetxetan egin ditugu lanketak, lau udalerritan (Eskoriatza, Aretxabaleta, Elgoibar eta Eibar) eta 300 umek hartu dute parte. Bideo-fitxak Ahotsak Ikasgelan webgunean jarri ditugu, azalpenekin: nola jolastu, abestien letrak eta informazio osagarria. Gainera, iazko abenduan Jira Bueltan: betiko 50 kanta eta jolas liburuxka-DVDa plazaratu genuen. Ikus .

2.     Bideo tematikoak: LH eta DBH

Herri bakoitzean jasotako testigantzak kontuan hartuta, ikastetxeei eta euskaltegiei landu daitezkeen gaien zerrenda ematen diegu. Ondoren, beraiek Curriculuma eta ikasturtean lantzen dutena kontuan hartuta, interesatzen zaizkienak zein diren esaten digute eta zein mailatan landuko luketen: zein adinetarako izan behar duen egokia. Horren arabera, guk bideoak prestatzen ditugu, herriko testigantzekin.

Adinekoen jakintza ezagutarazteaz gain, azken urteotan gazteak ere elkarrizketatu ditugu, eta baita euskara ikasi duten atzerritarrak ere. Gaitegia gero eta zabalagoa da: bizikidetza, aniztasuna, oroimen historikoa, genero ikuspegia, euskararen historia, lanbideak... Momentuz 78 bideo-fitxa dauzkagu Ahotsak Ikasgelan webgunean, eta bilaketa hainbat modutara egin daiteke: ikasmailaren, gaiaren, irakasgaiaren eta proiektuaren arabera. Bideoetako batzuk herri zehatzetarako egindakoak dira baina gehienak orokorrak, edozein herritarako balio dutenak. Adibideak:

o   Euskararen egoera Pasaian http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/euskararen-egoera-pasaian  

o   Emakumeak eta janzkera

http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/emakumeak-eta-janzkera

o   Euskara, integrazio hizkuntza  http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/euskara-integrazio-hizkuntza

o   Hizkera informala: irainak

http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/hizkera-informala-irainak

Ikasgelan webguneko bideoetako asko helduen alfabetatzean ere erabilgarriak dira. Irakasleak aztertu eta erabaki beharko du zein erabili, bere ikasleen euskara maila kontuan izanda.

Euskalkitegia jokoa ere badaukagu, webgunean: euskalkiak asmatzeko jolasa da, eta belarria euskalkietara ohitzeko modu dibertigarria izan daiteke ikasleentzat. Gainera, poltsikoko telefonorako edo tableterako aplikazioa ere jaitsi daiteke.

Ikasgelan webgunea interesgarria gertatzen bazaizue eta bertako bideoak erabiltzen badituzue, asko eskertuko genuke guri jakinaraztea. Hala, zuen ekarpenekin, ikasmateriala hobetzeko aukera izango genuke. Bideo-fitxa guztietan izartxoak jartzeko eta iruzkinak egiteko aukera dago, orriaren bukaeran. Eta mezuak bidaltzeko kontaktu orria ere erabil dezakezue.