Abian da "Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean" master berria

Argitaratua: asteartea, 5 maiatza 2020, 1:43
EHU_berezko masterra

Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean berezko master berria jarri du abian Euskal Herriko Unibertsitateak. UPV/EHUko Euskara Institutuaren lanari esker sortu da, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta. Zabalik dago izena emateko epea eta 2020ko irailean hasiko da.

Masterra bi urtekoa izango da eta 72 ECTS (European credit transfer system) dira guztira. Izaera modularra du: lau aditu-tituluz (15 kreditu bakoitzak) eta master amaierako lanaz (12 kreditu) osatua dago. Formatuari dagokionez, erdi-presentziala izango da. Hala, ostiral arratsalde eta larunbat goizetan izango dira eskolak, bi asterik behin, Eibarko UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Aukeratutako eremuan praktikak egiteko aukera ere izango dute ikasleek (herri-administrazioetan, eremu sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen euskalduntzean).

Euskararen biziberritze prozesuan sortu diren ezagutza eta metodologia berrietan trebatzeko aukera eskaintzea da xede nagusia. Bi helburu nagusi ditu:

  • Euskararen esparruan lanean eta ikerketan sakondu nahiko lukeen ikasleak prestatzea.
  • Euskarari lotutako esparruetan dabiltzan profesionalentzako formazio osagarria ere izatea.

Masterrari esker, ikasleek honako gaitasun hauek bereganatuko dituzte:

  • Hizkuntzak biziberritzeko giltzarri diren faktoreez jabetuko dira.
  • Hizkuntza-planifikazio eta ebaluaziorako dauden tresnak erabiltzen ikasiko dute.
  • Euskararen kudeaketa, kudeaketa aurreratuan txertatzen ikasiko dute
  • Eremu ez-formalean euskararen sustapenerako eraginkorrak diren estrategia eta esperientziak ezagutuko dituzte
  • Enpresetako euskara planak diseinatzen ikasiko dute
  • Bigarren hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologiak ezagutuko dituzte.

Laburbilduz, herri-administrazioetan, arlo sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen ikas-irakaskuntzan euskara sustatzeko egin den bideaz eta, batez ere, azken urte hauetako berrikuntzez jabetzeko aukera izango dute ikasleek. Besteak beste, Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma (HEOC) aztertu eta ezagutzeko aukera izango dute. Unibertsitateetako irakasleez gain, arlo bakoitzeko adituak izango dituzte irakasle.  Aipatzekoa da HABEko zenbait lankide arituko direla irakasle. 

Hauexek dira lau aditu-tituluak eta aurreikusitako datak:

  1. Euskararen kudeaketa eta hizkuntza-praktikak erakunde publikoetan (2020/21 ikasturtea: irailetik abendura).

  2. Euskararen hizkuntza-praktikak eremu ez-formaletan (2020/21 ikasturtea: urtarriletik martxora/apirilera).

  3. Hizkuntza-kudeaketa eta hizkuntza-praktikak eremu sozioekonomikoan (2020/21 ikasturtea: apiriletik ekainera).

  4. Hizkuntzaren jabekuntza helduaroan (2021/22 ikasturtea: irailetik abendura).


Informazio zabalagoa: