HOBE pilotuaren xehetasunak

Argitaratua: asteartea, 25 ekaina 2019, 10:58
    • Bisitak: 982
    • Iruzkinak: 0
    • Gogokoak: 0

    HOBE proiektuaren proba pilotua:

    Etorkizunean azterketak ordenagailu bidez egiteko proiektu bat abiarazi dugu HABEn, eta proiektu horri HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza) izena jarri diogu.

    HOBE sistemarekin, ikasleek, etorkizunean, azterketa egiteko eguna, ordua eta tokia aukeratu ahal izango dute. Hortaz, gaude HOBEk onura handiak ekarriko dituela ikasleentzat. Horietariko bat da azterketa ordenagailu bidez egitea:

    • Irakurmen-proba: Irakurgaia ordenagailuan irakurri eta erantzunak ordenagailuan bertan hautatuz.
    • Entzumen-proba: Entzungaia aurikularrekin entzun eta erantzunak ordenagailuan bertan hautatuz.
    • Idazmen-proba: Idazlana teklatu bidez idatziz ("ebaki", "kopiatu" eta "itsatsi" funtzioak erabiltzeko aukerarekin).

    Hiru proba hauek gaindituz gero, mintzamen-proba aurrez aurre egingo da ohi bezala.

    Proiektuaren hastapenetan gaude oraindik, eta, lehendabiziko mugarri gisa, proba pilotu bat prestatzen ari gara, bide onetik goazela egiaztatzeko. Horretarako, benetako ingurune batean testatu behar dugu HOBE sistema, eta boluntario bila gabiltza.

    Matrikula-orrian "Bai, azterketa ordenagailu bidez egiteko interesa dut" laukitxoa markatu baldin baduzu, matrikulazio-epea bukatzen denean HABEko norbait zurekin harremanetan jarriko da, proba pilotuan parte hartzeko. Halaber, baliteke hautatuetariko bat ez izatea ere, denek ezin izango baitute proba pilotuan parte hartu. Kasu horretan, ohiko deialdian egin beharko duzu azterketa.

    HOBEren bideo-demo bat jarri dugu hemen ikusgai, sistemaren nondik norakoaren ideia bat izan dezazun. Gogoan izan bideo-demo honetan ageri den sistema ez dela azkena, eta, beraz, balitekeela zenbait desberdintasun egotea bideo-demoko sistemaren eta ikasleek testatuko duten sistemaren artean.