Talde-dinamika hizkuntz ikasgelan

Argitaratua: astelehena, 18 abendua 2006, 8:15
Itzulpen Saila 48

Zoltán

Hizkuntz irakasle gisa, askotan pentsatu izan dut psikologiaren alorrak asko duela eskaintzeko hobeto irakas dezagun. Horregatik, arlo horretako graduondoko ikasketak egitea erabaki nuenean, psikologiako gai bat aukeratu nuen, motibazioak hizkuntza arrotzaren ikaskuntzan duen rola, alegia. Ikasten ari nintzela, denbora luzea eman nuen liburutegietan, nire irakurketetan aurkitutako erreferentzia eta ideien nondik norakoak jasotzen.

Ideia haietako baten arabera, ikasleen motibazioan, batzuetan, ikastaldeak berak zuen eragina; izan ere, ikasle orok daki hori, ikaskideekin harreman ona izateaz arduratuta dagoenez. Azkar konturatu nintzen taldeek ikasle bat "atzerantz” edo "aurrerantz” bultzatu baino askoz gehiago egiten zutela. Berezko bizia dute eta -nire harridurarako- bizitza hori zientzia sozialen baitako azpi-diziplina oso bat da, talde-dinamika deiturikoa. Hurrengo sorpresa hauxe izan zen: azpi-diziplina indartsu eta, hezkuntzaren ikuspuntutik, arras garrantzitsu hori ia ezezaguna zela bigarren hizkuntzaren (H2) arloan; beraz, berehala gehitu nion kapitulu bat nire ikerlanari, haren oinarrizko printzipioak deskribatuz.

Tim

Taldeek, ekipoek eta komunitateek askotan lilura sortu didate, gehiago ikasteko duten potentziala dela-eta, harritu egin naute, beren sormen gero eta handiagoa dela-eta. Eta batzuetan etsipena ere sortu didate, ideiak bateratzeko eta komunikatzeko garaian porrot egiten dutenean. Floridako Unibertsitateko Ingeleseko Institutuan egin nituen lehen zazpi urteetan, hainbat nazioarteko talderi irakatsi nien (asiarrak, arabiarrak, latinoamerikarrak eta europarrak); ondoren, zortzi urtez irakatsi nuen eta hizkuntz irakaskuntzako musikari eta kantuari buruzko doktoregoa egin nuen Neuchatel-en (Suitza). Graduatzen ari nintzelarik, nolabaiteko irabazpidea lortu nuen klase partikularrak ematen eta Teaching One to One (1991) idatzi nuen, besteekiko harremana lantzeari buruzkoa.

Nire klaseak atseginak izan dira, baina oraindik hobeto ulertu nahi dut nola elkar daitekeen koherenteki jendea, nola erakar daitekeen talde kohesiboek dituzten aukera handiagoez baliatuz, eta nola egin dakiekeen aurre talde-bizitzako gorabeherei.

HABEren liburutegian