Sustraietatik zerura

Argitaratua: asteartea, 15 urria 2013, 11:35
Itzulpen Saila 53

HITZAURREA

La soca més s'enfila com més endins pot arrelar. Mallorcako ereserki ofizial La Balanguerako lerroa; Ereserkia Joan Alcover-en olerki egokitu bat da (Joan Alcover, 1854-1926).

 

Atsegin handiz aurkezten diet nire irakurle euskaldunei Sustraietatik zerura hau, hasieratik amaieraraino euskaraz emana. Gogoan dut noiz etorri nintzen lehenbizikoz Euskal Herrira: Donostiara izan zen, HABEko lagunekin egin beharreko bilera baten kariaz, duela ia 30 urte, Kataluniako Gobernuarentzat lan egiten nuen garaian. Bizitza osoan barruan eraman ohi duzun irudi horietako bat da: sagardotegi ospel eta hotz bat, eta txuleta ikaragarri baten inguruan eserita denok. Harrezkero, sarri etorri izan naiz Euskal Herrira, unibertsitateekin, erakunde publikoekin eta erakunde pribaturen bat edo besterekin lan egitera, biltzar, ikastaro, mintegi eta hitzaldiak zirela-eta. Bidaia pribatuan ere etorri izan naiz herrialde bikain honetara, gozatzera. Eta sagardotegiko egun hartaz gero, etenik gabea izan da lankideekin harremanetan sartzea, lagunak egitea eta jazoerak bizitzea, eta ikasiz beti, nire lanbidean hobetuz eta pertsona hobea bihurtuz beti.

Hitzaurre honetako hasierako lerroak dioen legez, zuhaitza, zenbat eta barnerago sustraiak, gorago. Sustraiak ezagutuz -eta onartuz eta maitatuz-, hain zuzen bihurtzen gara handiago, ulerberago, koherenteago, zoriontsuago eta helduago. Zenbat eta hobeto konprenitzen dugun sorlekua, zenbat eta sakonago ulertzen eta errespetatzen ditugun gure sorlekuaren eta munduko gainerako lekuen arteko ezberdintasunak, orduan eta gorago eta berdeago adar eta hostoak. Sustraietatik zerura honetan, hainbat eta hainbat leku eta jenderekin solastatzen diren testuak bildu ditut: nire sorleku Kataluniako jende eta lekuak, Galizia, Mexiko, Argentina, Txile, Japonia eta abarretakoak; leku horietan, lan egin izan dut, inspirazioa aurkitu izan dut, eta elikatu egin izan ditut nire sustraiak, gorago hazteko, hosto berde eta garaiagoak ageri zeru urdinean.

Ez da liburu protokolozko, polit edo lekukotzazko bat. Guztiz kontrakoa baizik, diskurtso ausarta, bizia, ironikoa, kementsua nahi dut. Hemen ezezagunak diren testuak hautatu ditut horretarako, atzerrian argitaratuak direlako, aldizkari espezializatu eskuragaitzetan edo oraindik argitaratu gabeetan. Horietakoa da 7.kapitulua, zeina ahozko adierazpenari buruzkoa baita; ez dut orain arte askorik argitaratu gai horri buruz.

Berrirakurri eta berrikusi egin dut material guztia, eguneratu eta liburuki honi egokitzeko; hartara, gairik teknologikoenak ez zitezen zaharkiturik gera, edo egoera jakinetako pasadizoek ez zezaten interesik gal. Ez ditut isildu han eta hemen azaleratzen eta gurutzatzen diren hotsak (Ameriketako espainierazko hitzak, bidaia eta irakurketa askotarikoei buruzko erreferentziak). Nahiko nuke nire ahotsa, euskaraz diharduela, solasean aritzea nire arima katalanarekin eta denboran zehar pilatu izan ditudan ingeles, hispanoamerikar edo asiar kutsuko eragin guztiekin, nola kipula bati geruzak pilatzen zaizkion bihotzaren biran. Kutsatuko ahal gara, hartara, zuhaitzean sustraietatik goreneko orriraino doan izerdiaren kemenaz!

Eskerrak ematen dizkiot HABEri liburu hau argitaratzeko eta, beste behin eta era honetan, Euskal Herriarekin solastatzeko aukera emateagatik. Eskerrak ematen dizkiet argitaratzaileari eta itzultzaileei, beren laguntzagatik eta halako arretaz -eta maitasunez-- lan egiteagatik. Itzul diezazuela liburu honek niri eman didanaren zati bat! Moltes gràcies!


HABEren liburutegian

Oharra: liburua osorik eskura sarrera honetan bertan 2018ko abuztutik aurrera, paperezko argitalpena agorturik baitago.

Beste eduki interesgarriak

Shafirova & Cassany

L. Shafirova eta D. Cassany: "Aprendiendo idiomas en línea en el tiempo libre"

Ikasleek aisialdian Sareak dauden baliabideak erabil ditzakete hizkuntzak ikasteko; esparru informaleko praktikak izan arren, arlo arautuagoan eragina izan dezakete. Hala azaldu dute Shafirovak eta Cassanyk "Aprendiendo idiomas en línea en el tiempo libre" artikuluan. Halaber, Itzulpen Saila bilduman argitara emandako "Sustraietatik zerura" liburuan azaldutako hainbat gai lantzen dira aipatutako lan horretan.
Sustraietatik zerura

Cassany-ren "Sustraietatik zerura" liburua osorik Irakasbilen

Oso-osorik igo da Irakasbil webgunera Daniel Cassany-ren "Sustraietatik zerura" liburua, paperezko argitalpena aspalditik agorturik baitago.