Puntuazioari buruzko dekalogo batera iristeko bidaia

Argitaratua: asteartea, 3 iraila 2013, 12:45
Euskararen kutxa

Hizkuntza-irakasleek zalantzak izaten dituzte arlo askotan, baina puntuazioa bereziki deserosoa egiten omen zaie. Gustatuko litzaieke komari buruzkoak gramatikaren arloko beste edozein zalantza bezalaxe argitzea, baina ez da hala gertatzen. Euskaltzaindiak zeharka baino ez dio heldu gaiari, eta ohiko gramatika- eta estilo-eskuliburuek ez dute puntuazioaz jarduten, puntuazio-marken erabilera-arauez baizik, eta ez modu bateratuan gainera.
Hala, bere zalantzak eta bere ikasle-irakasleenak argitzeko premiak akuilaturik, bidaia moduko bat egin behar izan du Lorea Arrietak. Bidean, gaia sakon jorratu duten hainbat adituren ekarpenak xehatu ditu, eta, bereziki, Juan Garziaren “Joskera Lantegi”.
Arrietak proposaturiko bidaian ikusiko dugunez, puntuazioaren gakoak sintaxian bilatu behar dira; joskeran, alegia. Halaxe egin du berak, eta arian-arian puntuazio-sistema bat moldatu. Azken finean, ezin dira aurrez ikusi testuek planteatuko dizkiguten erronka guztiak, baina irizpide gutxi batzuk argi izanda, litekeena da puntuazio-sistema ahaltsu bat iristea.