Planteamendu lexikala: ELTren egoera eta etorkizunerako proposamena.

Argitaratua: ostirala, 7 abendua 2001, 1:25
Itzulpen saila 43

Liburu honetan bi gai jorratuko ditugu. Lehendabizi, lexikoaren izaera eta betekizuna ebaluatuko ditugu, eta item lexikalak hizkuntzako unitatetzat hartzeak (berbak eta egiturak hartu beharrean) dauzkan inplikazioak. Hizkuntzaren izaera lexikala eta horrek hizkuntz pedagogiarako dauzkan ondorioak ebaluatuko ditugu. Bigarrenik , gaur egungo hizkuntz irakaskuntzari emango diogu gainbegirada. Zehatzago esanda, ohiko materialen eta metodologia ortodoxoaren ezaugarri asko ebaluatuko ditut, eta antzematen dizkiedan hutsune larriak -sarritan hizkuntzaz eta ikaskuntzaz dakigunarekin kontraesan bete-betean- erakutsiko ditut.

Liburua linguistika aplikatuko ikerketaren elementu ugariez baliatzen da, jakiteko, corpus lexikografiaz, berbaldiaren analisiaz eta gramatika ingelesean egindako lan berriez. Alabaina , liburua metodologiako lana da lehendabizi, ez linguistika aplikatukoa. Arrazoi honexegatik daude gai biak elkarri lotu-loturik liburuan barrena. Hizkuntz irakaskuntzan lexikoari arreta handiagoa ematearen aldeko argudioa linguistika aplikatuko arazoa da funtsean, baina hizkuntz irakasleek gauzatu beharko dute edozein aldaketa. Irakasleak konbentzitzen ez badira orain ohikoak diren jokabide asko eta asko susmagarriak direla, are zentzugabekeriak ere, ez da inongo aldaketarik onartuko, nahiz eta teoriaren aldetik oso ondo oinarrituak egon.

Lehenengo atalak hurbilketa egiten dio oraingo egoerari irakasle gehienek ezaguna duten terminologiaren bitartez. Terminologia hau sarritan modu laxoan eta euskarri teoriko desegokiaz erabiltzen da, eta oinarria ematen die gaur egun hizkuntz irakaskuntzan zabalduta dauden jokabide absurdoenetako askori. Lehen atalean terminologia honen parte handi bat ondo mamitu gabea dela salatzen dut, eta, ondorengo ataletan zeharo baztertzen dut. Irakurle batzuk mindu egingo dira beharbada, eurek ez dauzkaten zenbait ikuskera konbentzional leporatzen dizkiedala eta. Barkamena eskatzen diet, baina neure defentsan azpimarratuko dut liburu hau idatzi bitartean bertoko gai asko hitzaldi, mintegi eta tailerretan aurkeztu ditudala. "Ohikotzat" dauzkadan ikuskerok halako mintegietara etorritako irakasleek erakutsi dituztenak izan dira, batzuetan kemen handiz erakutsi ere.

Lanean daudela birziklatze ikastaroetara doazen irakasleak jantziago egoten dira, ia salbuespenik gabe -eta, ondorioz, "aurrerakoiagoak" ere izaten dira- irakasleen gehiengo handi-handia baino. Azken horiek irakasle izateko aurreneko trebakuntza jasotzean aurkeztu zizkieten jokabide berberei josita jarraitzen dute. Irakaslerik jantzien eta aurrerakoienek ere Jan egin behar izaten dute noiz edo noiz hizkuntza eta ikasteari buruz jarrera kontserbakorragoak dituzten lankide edo ikasleekin. Beraz, nire ardura da gaur egungo hizkuntz irakaskuntzako alde zentzuzkoa eta zentzugabea nondik etorri diren ikustea, irakurleak zinez balioetsi ahal izan ditzan planteamendu lexikalaren proposamenak gaur egungo marko horren barruan.

Liburuak irakasleen aurrerapenerako proposamen positiboak egiten ditu, edo hala espero dut behintzat. Ideia asko "gaitzetsi" edo "erabat baztertzen" badira ere, epai horiek ez dira inoiz arinkeriaz egiten. Ikuspegi teoriko argi batek. nik uste, zimendatzen ditu beti. Batzuetan hizkuntz irakaskuntza profesioa dela aldarrikatzen da. Hala baldin bada, profesionalak ezin dira errezeta edo teknika hutsez fidatu; oinarri teoriko esplizitua behar dute euren eskola prozeduretarako. Nire ustez , gutxiegi dira profesionaltasunari lotuta joan ohi diren jakingura intelektuala eta aldatzeko gertutasuna erakusten dituzten hizkuntz irakasleak. Hizkuntzalaritza eta metodologia neurri batean jakintza berriak dira, eta azken urteotan munta handiko aurrerapenak egin dituzte. Erdiragarria da ikustea zein gutxi diren halako aldaketen berri izateko eta ikuspegi berriok euren irakaslanari ekartzeko irrikaz dauden irakasleak. Are erdiragarriagoa da ikustea irakasle askok aurka egiten diotela kemen handiz, esate baterako , gramatika azaltzearen , gramatika praktikatzearen eta zuzenketa egitearen lehentasuna kolokan jartzen duen edozein aldaketari; planteamendu lexikalak beheratu edo baztertu egiten ditu lehentasun horiek guztiok.

Karl Popper filosofo ilustreak froga eta gezurtapenaren artean asimetria funtsezko bat dagoela erakutsi du. Jakituria enpirikoaren izaerak berak guk ezin ezer "frogatzea" dakar; gure jakituria gezurtapenean oinarritutako prozesu baten bidez garatzen da, erroretik libratzen joatearen bidez. Hizkuntz irakaskuntza baino askoz gai zabalago batez ari dela, hala dio filosofoak: "Gutxienera ekarri zoriongaberia" ez da bakarrik "gehienera ekarri zoriona" maxima utilitaristaren ezezko formulazioa, Asimetria logiko bat dago hemen: e; dakigu zelan egin jendea zoriontsu, baina badakizkigu jendearen zoriona gutxitzeko moduak", Honek berehalako ondorioa dakar linguistika aplikaturako eta hizkuntz ikaskuntzarako: ez dakigu hizkuntzak zelan funtzionatzen duen, edo ikaskuntza zelan burutzen den. Baina, hala ere, hizkuntza zer ez den eta zelan ez duen funtzionatzen, horretaz mordoxka dakigu.

Mordoxka dakigu ikasten laguntzen ez duten prozedurez. Ikerketa enpirikoak sarritan eramaten gaitu status quo-a kolokan jartzera edo bertan behera uztera: ezinezkoa zaigu, ezinbestean, geure jarrera "frogatzea", norabide egokian mugitzen ari garela baieztatu besterik ezin dugu egin. Halaxe gertatzen da planteamendu lexikalarekin. Planteamendu honen oinarria hizkuntza eta ikastea funtsean gauza holistiko edo organikotzat hartzea da. Hori hala izanda, ohiko syllabusen hurrenkera eta oraingo aurkeztu-praktikatu-sortu paradigma desegokiak direla erakuts daiteke. Zalantzazkoa da noizbait nahikoa jakingo ote dugun hizkuntzaz edo ikasteaz , guztiz asetzen gaituzten alternatibak eskaintzeko , baina orain behintzat argi dago ez dakigula. Alabaina, hizkuntzaz eta ikasteaz aski dakigu, jakin, eduki eta metodologia batzuk lehen genituenak baino hobeak direla pentsatzeko. Horrek, jakina, ez du esan gura gure oraingo hobekuntzak ezin izango direnik gainditu eta berraztertu euren garaian.

Planteamendu lexikalak irakurleak gonbidatzen ditu hizkuntzaren izaerari edo ikastearen izaerari bortxa egiten dieten material eta prozedurak bertan behera uztera, edo, gutxienez, euren indarra asko moteltzera. Proposamen positiboak egiten ditu lexikoaren izaeraz  eta betekizunaz, eta testuarekiko jarrera berriak aurkezten ditu, bai eta hizkuntza "pusketatzeko" estrategiak ere (hau da, testua "zatikietan" banatzeko, baina zatikiok ez dira hiztegi eta egitura tradizionalak , ikasle eta irakasleek uste duten moduan).

Laugarren atalean "esangura negoziatuaren" kontzeptuaz arituko naiz; liburu batetik hartzen duguna oso desberdina izan daiteke autoreak bertan jarri duenetik. Ezin dugu galdetu "testuak zer esan gura duen", irakurle bakoitzak jakituria, esperientzia, jarrera eta premia desberdinak eramaten dituelako testura. Beste guztiaren gainetik , espero dut testuak zu bultzatzea hizkuntza garrantzitsua dela pentsatzera, eta pentsatzera hizkuntzak irakastea gauza erabilgarria eta baliotsua dela. Hizkuntza arrotz bat ondasun pertsonal baliotsua izan daiteke , aberastasun askatzailea maila ekonomiko , kultural nahiz emozionalean. Jendeari ondasun hori eskuratzen laguntzea merezi duen lanbidea da. Liburu hau zabaltze hutsak adierazten du zure zeregina ahalik eta ondoen bete nahiko zenukeela, eta zeure buruari galdezka zabiltzala ea orain baino hobeto bete ote zenezakeen. Irakurtzen amaitzen duzunean gurako nuke pentsatzea liburu honek gai horiek hobeto ulertzen lagundu dizula, zeuk ere hobeto lagundu ahal izan diezaiezun beste batzuei hizkuntza arrotz batean gero eta trebeago izaten. Horrek gehienetan hobetu egingo ditu haien bizitzak, bai eta euren bidean suertatzen diren beste pertsonen bizitzak ere.

HABEren katalogoan