Plan orokorra eta koherentzia HABEren 3. mailako idazlanetan: azterketa eta ondorioak

Argitaratua: igandea, 4 iraila 2011, 12:50
bestelako lankidetzak

Hizkuntzen irakaskuntzan, urte luzeetan begiratu izan zaio gramatikari oinarririk behinena eta ia bakarra balitz bezala. Irizpide horri jarraikiz prestatu zen “Gramatika-itzulpen bidezko metodoa”, besteak beste. Baina, dakigunez, gizakion komunikatzeko ahalmena beste hainbat osagairen zorduna ere bada. Koherentzia dugu osagai horietako bat. Artikulugileak, ikasleek 3. mailan egiten dituzten idazlanen kalitateaz kezkaturik, gaia aztertu eta ondorioztatu du koherentzia-falta pisuzko arrazoia dela idazlanen maila nahi bezain asebetegarria ez izatean. Gauzak horrela, koherentziari erreparatzeko gomendioa biziki egiten du, produktuaz ez ezik prozesuaz ere arretatzeko aldarri eginez. Artikulugilearen proposamena da idazten duenak aurretiazko eskemak prestatzen, ideiak hurrenkeratzen, hierarkizatzen eta elkarri eutsiarazten ere jakin behar duela taxuzko idazlana osatuko badu. Langintza horretarako hainbat jardunbide proposatuko ditu. Merezi du kontuan hartzea.