Online irakaslearen ajeak

Argitaratua: asteazkena, 3 iraila 2014, 9:50
Hizpide 76

EIBZ (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa)1 duela 12 urte sortu zuen Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, eta, bertan, gure zereginetako bat da Nafarroan lanean ari diren irakasle ez  unibertsitarioei ikastaroak ematea. Eskaintzen ditugun formazio-ikastaroetan parte hartzeko, irakasleek Nafarroako ikastetxeren batean egin behar dute lan hezkuntza arautuan, eta EGA agiria izan behar dute.
Irakasleek ikasturtero justifikatu behar dute 35 formazio-ordu (gutxienez) bete dutela, ikastaroa edozein dela ere, eta ikastaro horiekin irakasleek, beren burua janzteaz gain, puntuak lortzen dituzte lehiaketetan parte hartzeko (leku-aldatzeak, karguak...). Hezkuntza Departamentuak eskaintzen dituen ikastaroak dohainik izaten dira, eta, normalean, ikastaroa hasi gabe edo bukatu gabe utziz gero, ez da zigorrik izaten, berriz ikastaro bera egiteko lehentasuna galtzea-edo ez bada.