“Jon eta Jone” irratsaioaren lanketa didaktikoa IKASBIL atarian

Argitaratua: asteartea, 2015(e)ko azaroaren 24(e)an, 11:42(e)an
Eskarne Lopetegi

Euskadi Irratiak Jon eta Jone fikziozko saioen edizio berriari ekin zion 2015eko urtarrilean. Atal berriak sortu zituen, eta hiru minutu inguruko fikziozko saioak emititu zituen, Prime time tarterako eduki gisa. Guztira, ehun eta hamalau atalek osatu zuten bilduma.
2005ean emititu zen fikziozko saioez osatutako bilduma honen aurrekaria. Jon eta Jone saioen kapitulu haiek argitaratu, eta B2 eta C1 mailetako jarduerez hornitu zituen HABEk.
Oraingo ekitaldian aurreikusitako produkzio-emanarekin beste hainbeste egin daitekeela eta kapitulu berri hauek didaktikoki ustiatzeko baliagarriak direla iritzita, beste egitasmo bati ekin dio Materialgintza Atalak.
Egitasmo didaktiko honek badakartza, hala ere, hainbat berrikuntza. Horien artean, nagusiena hauxe: HEOCaren ikuspegi pedagogiko eta ildo metodologikoei jarraituz, jardun biko ikasteredurako sekuentziak diseinatzeari ekin diogu.