Hizkuntza-irakaslea: irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako gaitasun metodologikoa

Argitaratua: osteguna, 2018(e)ko martxoaren 15(e)an, 11:11(e)an
Itzulpen Saila 55

HABEk eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako 19. Uda ikastaroaren ondorio bat da obra hau. 2014an izan zuen sorburua, Joanba Bergara Pascalek egilearekin harremanetan jartzea erabaki zuenean, eta elkarrekin hizkuntza-irakasleen gaitasun metodologikoa garatzeko proposamena definitzen hasi zirenean. Gaitasun hori, hain justu, hizkuntza-irakasleek beren ikasleen ikaskuntza-premiak asetzeko behar dituzten metodoak, teknikak, ikuspegiak eta paradigmak aukeratzeko duten trebetasuna da.

Postmodernitatearen esparru epistemologikoaren baitan (Kumaravadivelu, 2006) metodoa kontzeptuak hainbat kritika jaso baditu ere, edukien ezagutza pedagogiko (Shulman, 1986) deiturikoaren oinarrizko elementutzat jotzen duten balioespen berriak ere jaso ditu (Larsen-Freeman eta Anderson, 2011). Hala, orain lanean ari diren eta etorkizunean arituko diren irakasleek era askotako proposamen metodologikoak egituratzen dituzten printzipioak zertan diren ezagutzea lagungarria izango da jakite espezifiko bat garatzeko, eta horrek ikaskuntza-aukera hobeak eta handiagoak ekar ditzaketen irakaskuntza-aukerak arreta handiz hautatzea ahalbidetuko du.

Testuinguru horretan, parte-hartzaileak mendeetan eta mendeetan hizkuntza-irakaskuntzaren bilakaeran eragina izan duten askotariko metodoen printzipioetan eta jardunbideetan trebatzearen alde egiten duen ikastaroa benetan garrantzitsua da, diziplina-alorra aberastu egiten baita hezkuntza linguistikoarekin zerikusia duten hainbat zientziaren ekarpenen bidez; besteak beste, hizkuntzalaritza orokorrak, hizkuntzalaritza aplikatuak, psikolinguistikak, soziolinguistikak, hizkuntza-ikaskuntzarako psikologiak, pedagogiak eta didaktikak egindako ekarpenen bidez. Diziplina horietatik eratorritako jakituriek bat egitean, hainbat patroi sortzen hasi ziren, hizkuntza-irakaskuntzaren arloan jakiteei garrantzia ematen zietenak. Patroi horiek konfigurazio didaktiko bereziak osatzen joan dira, eta hainbat arlotan ikaskuntza hobetzen lagundu dute. Horregatik, hizkuntza-irakaskuntzaren diziplina-arloa azken urteotan esponentzialki askotarikotu denez (haurren, nerabeen eta helduen komunikazio-premiei erantzunez, ama-hizkuntzen, lehen hizkuntzen, hizkuntza ofizialen, bigarren hizkuntzen edo atzerriko hizkuntzen ikaskuntzaren arloan edo komunikazio orokorrerako, akademikorako, profesionalerako edo/eta gizadiak egiten dituen migrazio masiboetatik eratorritako komunikazio-helburuetarako), bidezkoa da ezagutza profesionalaren beste eremu batean pentsatzea: gaitasun metodologiko izenekoan, hain justu. Gaitasun horrek irakaslea gaituko du Darling-Hammondek (1998) “egokitzapenezko trebezia” deiturikoa gara dezan; alegia, irakasle bati bere trebezia modu malguan egikaritzeko baliagarriak zaizkion ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak dira, esku hartu behar duen zeinahi espazio fisiko, kultural, ideologiko, axiologiko edo kontzeptuzkotan emaitza onak lortuz.

Esandako guztiagatik, obra hau modu zirkularrean egituratu dugu, jakiteen, irakasleen eta ikasleen arteko elkarreraginak bideratzen dituzten metodo- eta metodologia-ikusmolde klasikoetatik abiatuta. Ondoren, dimentsio horietako bakoitza aztertu dugu, bakoitzari buruzko gaur egungo ikuskerak sakon aztertuz. Eta une oro izan ditugu ardatz berriki jendartean zabaldutako metodoak edo/eta proposamen metodologikoak.

Elkarreragin didaktikoetan errotuta dauden faktore guztiak aztertu ondoren, metodo jakin bat praktikara nola eramaten den erakusten duten beste oinarri batzuk analizatu ditugu. Horrenbestez, ikasgelaren kudeaketaren, material didaktikoen, komunikazioaren teknologiek betetzen duten rolaren eta irakaskuntza-ezagutzaren garapenaren eta ontologiaren ulermenaren inguruan emandako aurrerapausoen azterketa izango da.

Azkenik, metodoa kontzeptura itzuliko gara berriro, nahiz eta beste ikuspegi batetik izan: dagoeneko ez irakasleen ekintza multzoaren erdigune gisa, baizik eta tresna gisa, terminoaren zentzu soziokulturalean, jakiteen, irakasleen eta ikasleen arteko topaketan bitartekari-lanak egiten dituena. Beraz, metodoek hizkuntza-irakaskuntzan duten betekizuna birdefinituko dugu, eta irakaslea proposamenen aukeratzaile trebe gisa ahaldunduko dugu, bai eta ikasleak indartuko dituzten konfigurazio didaktikoen diseinatzaile gisa ere.

Gure helburua da obra honek hizkuntza-irakaskuntzaren esparru metodologikoaren ikuskera eguneratu bat ematea eta lagungarria izatea euren egokitzapenezko trebezia garatu nahi duten irakasleentzat berau kontsultatzen dutenean, ziur baikaude, José Pedro Varela uruguaitar pedagogoak (1964) esaten zuen bezala:

Errepublika ezartzeko, lehenik eta behin errepublikazaleak prestatu behar dira; herriaren gobernua sortzeko, herria itzartu eta bizimodu aktibora bideratu behar da lehenengo; iritzi publikoa burujabea izan dadin, aurrena, iritzi publikoa osatu behar da; eta Demokraziaren premia handi guztiak zein Errepublikaren eskakizun guztiak modu bakarrean ase daitezke: heziz, heziz eta beti heziz!


HABEren liburutegian 

Beste eduki interesgarriak

Miramar jauregia

2016 Competencia metodológica para la enseñanza y el aprendizaje

15 emanaldik osatzen dute “Competencia metodológica para la enseñanza y el aprendizaje" 2016ko uda ikastaroa, HABEk eta EHUk lankidetzan eratua, eta Gabriel Díaz Maggioli, Uruguaiko Hizkuntz Politiketako koordinatzaile orokorrak eskainia.