Hizpide 87. zenbakiaren aurkezpena

Argitaratua: asteazkena, 9 abendua 2015, 1:20
Hizpide 87

Hemen duzu, irakurle, Hizpide aldizkariaren 87. zenbakian irakurgai duzun edukiaren aurrerapena.

Beste iturrietatik.- HABEk antolaturiko prestakuntza-jardueretan partaide izan ditugu atal honetako bi artikuluen idazleak. Alde batetik, Francisco Herrerak gamifikazioa landu du, eta bigarren hizkuntzen ikas-irakaskuntzan testuinguratu. Izan ere, zenbait esparrutan puri-purian dagoen gaia dugu gamifikazioa, hots, ludikoak ez diren egoeretan jolasaren elementuak erabiltzea. Beste alde batetik, ahozko azterketan hautagaiaren eta elkarrizketatzailearen arteko elkarreraginaren kudeaketari erreparatu dio Javier Frunsek. Artikuluan ageri bezala, kudeaketa horretan eman daitezkeen gorabeherek eta erabakiek eragina dute probaren diseinuan, aztertzailearen materialean, aztertzailearen prestakuntzan edota elkarrizketatzailearen jardunbidean, besteak beste.

Ikerketak.- Erroreen gaia ez da berria aldizkari honetan. Ikuspegia osatzera dator "Egiaztatze-probak: zuzentasunaren azterketa 3. mailako idazlanetan” artikulua, gai horretan ardaztu baitu Mikel Gartziarenak bere ikerketa-lana. Iñaki Muruak, bere aldetik, aurkeztu eta defendatu berri duen doktore-tesiaren laburpena egin du "Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza” deritzon artikuluan.

Bestelako lankidetzak.- Yolanda Arrietaren eskutik datorkigu "NI-tik GU-ra, tailer-giroan” artikulua. Bi tailer egin berri ditu euskara-irakasleekin: bata, idazketa sortzailearen inguruan; bestea, literaturaren ahozko baliabideak ardatz hartuta. Baina ez dira lehenak, ia mende-laurden baitarama bere hitzetan "esanak eta idatziak josten, bakarka nahiz taldean”. Tailerrotan landutakoa ezagutzeko bide bat dugu, beraz. Bigarren artikulu bat ere badago atal honetan; euskara irakastetik itzulpengintzara jauzia egin zuten une jakin batean Begoña Alcedok eta Noemi Pastorrek, eta zortzi kategoriatan laburbildu dituzte irakaskuntzatik itzulpengintzara topatu zituzten aldeak. Ondorio nagusi gisa, dena den, hizkuntzaren mesedetan bi eremuen arteko zubi-lanaren beharra azpimarratu dute "Zortzi urrats irakaskuntzatik itzulpengintzara” idazkian.

Geure iturrietatik.- Eskarne Lopategik idatzi du aldizkariaren azken artikulua. Euskadi Irratiak sortutako "Jon eta Jone” izeneko fikziozko saioak abiapuntu hartuta, HABEko Materialgintza Atalak gauzatutako egitasmo baten berri ematen digu. Egitasmoaren berrikuntzen artean, besteak beste, honako hau dago: Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren ikuspegi pedagogiko eta ildo metodologikoei jarraituz, jardun biko ikasteredurako B2 eta C1 mailetarako sekuentziak diseinatzeari ekin zaiola. Saioak zein sekuentziak Ikasbilen izango ditu eskura interesatuak.

Horra hor, bada, 87. zenbakiaren mamia, paperean bere horretan argitaratuko den azkena, hain zuzen. Orain arteko zenbaki guztietako edukiekin bezala, probetxuzkoa izan dakizula opa dizu Hizpidek. Eta aurrerantzean urratuko den bidean ere hala izango ahal da.

Francisco José Herrera
Gamifikazioa eta bigarren hizkuntzak: ikasgela, ikasteko jolas-esparru gisa
Javier Fruns
Hautagaiaren eta elkarrizketatzailearen arteko elkarreraginaren kudeaketa ahozko azterketan
Mikel Gartziarena  Egiaztatze-probak: zuzentasunaren azterketa 3. mailako idazlanetan
Iñaki Murua Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza
Yolanda Arrieta NI-tik GU-ra tailer-giroan
Begoña Alcedo eta Noemí Pastor
 Zortzi urrats irakaskuntzatik itzulpengintzara
Eskarne Lopetegi
"Jon eta Jone" irratsaioaren lanketa didaktikoa



Beste eduki interesgarriak

Hizpide 87

Hizpide 87

2015 iraila-abendua BESTE ITURRIETATIK - "Gamifikazioa eta bigarren hizkuntzak: ikasgela, ikasteko jolas-esparru gisa" (Francisco José Herrera) - "Hautagaiaren eta elkarriketatzailearen arteko elkarreginaren kudeaketa ahozko azterketan" (Javier Fruns) IKERKETAK - "Egiaztatze-probak: zuzentasunaren azterketa 3. mailako idazlanetan" (Mikel Gartziarena) - "Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza" (Iñaki Murua) BESTELAKO LANKIDETZAK - NI-tik GU-ra tailer-giroan (Yolanda Arrieta) - Zortzi urrats irakaskuntzatik itzulpengintzara" (Begoña Alcedo eta Noemí Pastor) GEURE ITURRIETATIK - "Jon eta Jone irratsaioaren lanketa didaktikoa" (Eskarne Lopetegi)