Hizpide 86 zenbakiaren aurkezpena

Argitaratua: larunbata, 22 abuztua 2015, 1:10
Hizpide 86 alearen aurkezpena

Hemen duzu, irakurle, Hizpide aldizkariaren 86. zenbakian irakurgai duzun edukiaren aurrerapena.

Bestelako lankidetzak.- Bi artikulu dauzkagu sail honetan. Lehenengoan, "Gaitasuna, helburu denean” alegia, "gaitasun” kontzeptuari erreparatu dio Luis Mari Txabarrik. Izan ere, aipatu kontzeptu hori itzel hedatu da hainbat esparrutan, hezkuntzan besteak beste. Kontzeptua zehazteko eta sintesi batera heltzeko ahaleginetik abiatuta, emandako definizioan bere baitan hartzen dituen zenbait osagai bereizi eta gaitasunaren ezaugarriak azalduko zaizkigu. Gaitasunaren eta egoeraren arteko erlazioari erreparatu ondoren, egoera-familia zer den azalduta, gaitasunak irakatsi, landu eta ebaluatzeaz dihardu testuak. Karmelo Ayestaren eskutik datorkigu "Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntz bidaia”. Izenburu bereko liburuan hurrengoa partekatu nahi izan zuen Ayestak: esperientziak erakutsi diola, egungo egoera soziolinguistikoetan ere, euskal hiztunok euskararen erabilera-marka hobetu dezakegula, eta bidean sano gozatu. Liburu horretan erabilitako teoria eta hausnarketa nagusiak laburbildu dira artikuluan.

Beste iturrietatik.- "Podcast bidez prosumirtuatu ELE eskolan. Kontsumitzaile pasibo izatetik eduki-prosumitzaile izatera” idatzi du Héctor Ríosek. Deigarri suerta dakiguke "prosumirtuatu” aditza: sarea, Internet, parte hartzeko plataforma gisa erabiltzea, non erabiltzaileek informazioa kontsumitzen duten eta, ondoren, informazio hori sortu, birnahasi eta hedatu egiten duten
etengabeko trukearen bidez. Artikulu honetan, Gaztelania Atzerriko Hizkuntza Gisa (Español como Lengua Extranjera, ELE) proiektu digitalen bidez (podcast-en bidez zehazki) ikasteko prozesuen aldeko arrazoiak emango ditu idazleak. Ikasgelaren barruan eta kanpoan ekintzara bideratutako ikuspegia erabiliz lan egiten bada eta ikuspegi hori web-tresnak baliatuz ezarriz gero, komunikazio-gaitasun digitala ahalbidetuko duten ikaskuntza estrategiak sustatu eta ikasle autonomoen eta "prosumirtutzaileen" (kontsumitu+ produzitu + elkarri eragin) kontzeptua garatu ahal izango da, atzerriko hizkuntzen ikaskuntzan.

Gela irekia.- "IKTen bidezko komunikazio sinkronoa euskara-ikasleekin” artikulua idatzi du Aitziber Iturricastillok. Bideokonferentzia bidez ematen dituzten saioen ezaugarrien, ohiko arazoen, eta irakasleen zereginen eta rolaren azterketa egiteaz gain, jardunbide honetan metatu duten eskarmentuaren araberako zenbait ondorio ere jaso dira artikulu honetan. Izan ere, urrun, lanpetuta edo haien ordutegia antolatzeko arazoak dituzten ikasleen egoera konpontzeko bidea baino gehiago dira honelako saioak. Irakasleen gaitasun digitalei esker, eskolak emateko modua eguneratu liteke, ahaztu gabe aurrez aurreko eskolen osagarri ere izan daitekeela.

Geure iturrietatik.- "Bagoaz! A1 eta A2 mailetako ikasmaterialak IKASBIL atarian” dakarkigu Eskarne Lopetegik. A1 eta A2 mailetan ahozkoaren ulermena eta mintzamena lantzeko ikasmateriala da BAGOAZ!; propio sortu den ikus-entzunezko edukia du oinarrian, eta IKASBIL atarian argitaratuko da. Elkarren osagarri diren bi esparrutan garatu da egitasmoa: batetik, mailako hizkuntza ikus-entzunezko euskarrian ekoitzi eta argitaratzea eta, bestetik, entzumena edo ahozkoaren ulermena lantzeko ikasmateriala diseinatu, sortu eta argitaratzea, ikus-entzunezko eduki hori oinarri hartuta. Artikuluan, ikasmaterial hauen helburu eta ekoizpen-irizpide nagusiak zein diren zehaztu da, bai inputarenak, bai ustiapen didaktikoarenak.

Horra hor, bada, zenbakiaren mamia. Hizpidek probetxuzkoa izan dakizula opa dizu.

Luis Mari Txabarri

Karmelo Ayesta

Héctor Ríos

Aitziber Iturricastillo  

Eskarne Lopetegi

Gaitasuna, helburu denean 3

Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntz bidaia 41

Podcast bidez prosumirtuatu ELE eskolan. Kontsumitzaile pasibo izatetik eduki-prosumitzaile izatera 56

IKT bidezko komunikazio sinkronoa euskara-ikasleekin 74

Bagoaz! A1 eta A2 mailetako ikasmaterialak IKASBIL Atarian 81