Hizpide 87. Hitzaurrea

Argitaratua: osteguna, 10 abendua 2015, 9:14
Joseba Erkizia

Irakurle lagun hori:

Paperean argitaratzen dugun azken Hizpide arrunta duzu hau. 1996an hasi eta, hemeretzi urte hauetan, laurogeita zazpi zenbaki osatu ditugu. Izan zuen aurrekari bat ere: Zutabe aldizkaria, 1983-1994 bitartean hogeita hamalau zenbaki izatera iritsi zena.

Hizkuntzen irakaskuntza du gogoetagai Hizpidek, eta zuzen-zuzenean didaktikarekin loturik dauden artikuluak ez ezik, hizkuntzen ikaskuntzan eta irakaskuntzan auzoko eta lagun diren bestelako zientzia-arloetako lan ugari bildu ditu, soziolinguistika, psikolinguistika eta abarretakoak.

Paperezko bizitza izan duen hemeretzi urte hauetan, errotik aldatu dira komunikazio-bitartekoak, eta berebiziko indarra hartu dute sareak eta teknologia berriek.

HABE eta euskaltegiak mugitzen diren esparruan ere, ohiko bihurtu dira euskarri berriak, dela materialgintzan, dela irakasmoduetan.

Beraz, paperezko itsaso zabal horretatik espazio digital are zabalagora igarotzeko unea iritsi zaio Hizpideri ere. Baina bizitza luzea eta oparoa aurreikusten diogu aurrerantzean ere, irakurle dituenak aski trebatuta baitaude komunikazio-bide berriotan. Horregatik, euskararen eta, oro har, hizkuntzen irakaskuntzan dihardutenentzat informazioa, hausnarketa, zalantzak eta proposamenak plazaratzeko eta elkarri trukatzeko lanabes biziagoa izaten jarraituko du.

Aro baten amaieran eta beste baten hasieran gauden honetan, eskertu egin nahi dut Hizpide gauzatzen aritu diren HABEko lankideen eta, nola ez, izan ditugun kolaboratzaile guztien ekarpena. Katea ez da eten. Joseba Erkizia Itoitz HABEren zuzendari nagusia

Beste eduki interesgarriak

Hizpide 87

Hizpide 87

2015 iraila-abendua BESTE ITURRIETATIK - "Gamifikazioa eta bigarren hizkuntzak: ikasgela, ikasteko jolas-esparru gisa" (Francisco José Herrera) - "Hautagaiaren eta elkarriketatzailearen arteko elkarreginaren kudeaketa ahozko azterketan" (Javier Fruns) IKERKETAK - "Egiaztatze-probak: zuzentasunaren azterketa 3. mailako idazlanetan" (Mikel Gartziarena) - "Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza" (Iñaki Murua) BESTELAKO LANKIDETZAK - NI-tik GU-ra tailer-giroan (Yolanda Arrieta) - Zortzi urrats irakaskuntzatik itzulpengintzara" (Begoña Alcedo eta Noemí Pastor) GEURE ITURRIETATIK - "Jon eta Jone irratsaioaren lanketa didaktikoa" (Eskarne Lopetegi)