Hizpide 83

Argitaratua: osteguna, 2014(e)ko irailaren 4(e)an, 09:25(e)an
Hizpide 83. alea

Helduen euskalduntzearen azterketa. 2007-2008 / 2012-2013

  • Didakteka
  • Sortua: 2014(e)ko irailak 24
  • Bisitak: 360
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Jadanik, badira sei urte 2000-2001 eta 2006-2007 bitarteko ikasturteak aztertu zirenez geroztik (Elortza eta Perales, 2008) eta, beste hainbeste ikasturte igaro direnez, abagune egokia iruditu zaigu, luze eta zabal erreparatzeko helduen euskalduntzean azken sei ikasturteotan egindako bideari.

Aurkezpena

Euskara biziberritzeko prozesuaren ardatzetako bat da helduen euskalduntzealfabetatzea, hezkuntza sistemarekin batera. Euskarak hirurehun mila hiztun berri irabazi ditu azken hogeita hamar urteotan eta, horietatik, ehun mila pasatxo zor dizkio helduen euskalduntzeari.
Euskaltegietan ikasturtero hogeita hamar mila lagunetik gora aritzen dira euskara ikasten edo euskarazko gaitasuna hobetzen. Heldu aroan euskara ikastea edo hobetzea erabakitzen duten herritar horiek denek, jakina, izugarrizko ekarpena egiten diote euskarari; baina, euskarari ez ezik, baita hizkuntzen elkarbizitzari eta, beraz, gizartearen elkarbizitzari ere.
Horregatik, HABEren eta euskaltegien betiereko kezka eta gogoa da urrats hori egiten dutenei ahalik eta zerbitzurik eraginkorrena eskaintzea. Hobe - kuntza didaktikoari buruzko gogoeta etengabea dugu horretarako tresna ezinbestekoa: nola egin eta erabili ikasmaterial eta metodologia hobeak, nola azkartu eta sendotu ikasprozesuak, nola mugarritu ikasle mota bakoitzaren neurriko gaitasun helburuak… den-dena hiztun berriak irabazteko helburuz, gaitasun komunikatiboa xede.
Gogoeta hori taxuz bideratzeko, ordea, beharrezkoa da ikasprozesuen datuak izatea eta ustiatzea. Horien argitan saiatu behar dugu eragile guztiok hobekuntzarako erak antzematen eta ezartzen. Horretaraxe dator, beraz, eskuartean duzun Hizpide monografiko hau, helduen euskalduntzeak 2007tik 2013ra bitartean izan dituen emaitza eta ezaugarri nagusiak biltzen dituena. Honen aurretik, Hizpideren 68. zenbakian, 2000tik 2007 bitarteko sasoia aztertua eta argitaratua dugunez gero, dagoeneko urte sorta esanguratsu bati buruzko datuak ditugu eskura –hauez gain, eta aldizkariak Zutabe izena zuen garaian, horrelako beste lan bi plazaratu ziren, 16. eta 30 zenbakietan, zehazki–.
2000. urtekoa da, hain zuzen ere, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK), gaur egun euskaltegietan indarrean dagoena. HEOKak gaitasun komunikatiboan eta ekintzan oinarritutako irakaskuntzan ardaztu zuen irakasprozesua, bat etorriz Europan hizkuntzen ikaskuntzan nagusitzen ari ziren joera didaktiko aurreratuenekin.
Harrez gero HABEk eta euskaltegiek metatu duten esperientziatik abiatuz eta arestian aipatu dugun gogoeta etengabea landuz, aurten onartu eta argitaratuko du HABEk Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum (HEOC) berria. Urte honen hasieran aurkeztu zien HABEk lehenengo zirriborroa euskaltegi guztiei eta euskararen irakaskuntzan ari diren erakunde nagusiei. Sektoreko eragileekin eta adituekin batera izandako gogoeta eta eztabaida aberasgarriaren ondotik, dokumentua aurki prest izango du HABEk, udazken honetan era ofizialean onartua eta indarrean jarria izan dadin. HEOC berriak sakondu, osatu eta hobetu egiten du aurrekoaren planteamendua; alde batetik, euskararen irakaskuntza osokiago egokitzen baitu Hizkuntzen Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markora, eta, bestetik, pausu nabarmena ematen baitu Europako Markoaren planteamendua bera euskararen egoerara egokitzeko. Besteak beste, euskararen irakaskuntzan Europako Markoaren A1 eta A2 mailak definitzea eta egiaztatzea ekarriko du HEOC berriak, hasierako gaitasun mailetan ari diren milaka ikasleei prozesu eraginkorragoa eta argiagoa eskaintzeko xedez.
Baina, curriculum berriaz gainera, HABEk badu aurten beste egitasmo bat plazaratzeko asmoa: helduen euskalduntzearen oinarrizko adierazleen sistema. Jardueraren jarraipen sistematikoa egiteko aukera emango digu adierazle sistemak, eta, hortaz, autoebaluaziorako tresna ezin hobea izango dugu, bai HABEk bai euskaltegiek, praktika onak hauteman eta orokortu ahal izateko.
Azken batean, datozen urteetan ere, euskal hiztun berriak ematen jarraitzea izango du eginkizun helduen euskalduntzeak, gizarte benetan elebidunagoa osatzeko bidean. Eta zeregin hori gero eta hobeto betetzen laguntzeko bitarteko baliagarria izango da, zalantzarik gabe, aldizkariaren monografiko honetan dugun azterketa hau. Itxaropen horrekin jartzen dugu HABEko eta euskaltegietako lankide guztien eskura eta, halaber, helduen euskalduntzeari buruz interesa duten era guztietako eragileen eta ikerleen eskura ere.
Joseba Erkizia Itoitz
HABEren zuzendari nagusia