Hizkuntza-irakaskuntzarako ikastaroa

Argitaratua: osteguna, 16 abendua 2010, 12:40
Itzulpen Saila 51

Trebatzailearentzako sarrera

Liburu hau Hizkuntza-irakaskuntzako ikastaroa liburu nagusiaren osagarria da. Hain zuzen ere, trebatzaile batek gidatutako ikastaro batean diharduten irakasleentzako "koadroak” eta atazak egiteko beharrezko jarraibideak biltzen ditu. Orain artean, ikastaroaren oinarri gisa Hizkuntza-irakaskuntzako ikastaroa liburua erabili nahi zuten trebatzaileek fotokopiatu egin behar izaten zituzten trebagaiekin landu nahi zituzten liburuko jarduerak eta atazak; edo liburua eros zezaten eskatu behar izaten zieten. Lehen aukera nahiko nekagarria eta garestia zen trebatzailearentzat; eta bigarrena, berriz, garestia zen trebagaientzat, eta, gainera, batzuetan ez ziren behar adina ahalegintzen atazak ebazten, eskuragarri baitzituzten soluzioen iradokizunak.  

Lan honetan, beraz, liburu nagusiko atazak bildu dira, baina han ematen den aurretiazko informaziorik, bibliografiarik, oharrik eta soluziorik erantsi gabe. Kontuan hartu behar da, gainera, batzuetan aldatu egin dela formulazioa, trebatzaile batek gidatutako ikastaroetako egoeretara egokitzeko (ikus, adibidez, 3. moduluko 2. unitatea).

Liburu honetan oharrik eta soluziorik agertzen ez denez, ataza egitean eta ondorengo atzeraelikaduran laguntza eman beharko zaie trebagaiei, beharraren arabera. Era berean, aurrezagutzak zuk eman beharko dizkiezu, edo trebagaiek irakurriz eskuratu beharko dituzte.

Liburu hau, hortaz, ez da bere horretan erabiltzeko. Hizkuntza-irakaskuntzako ikastaroa liburu nagusia erabiltzea da aukerarik onena, bakarka ari diren edo trebatzaile aditu batekiko komunikazio iraunkorrerako biderik eskaintzen ez dien ikastaroren batean ari diren irakasle edo irakasle-trebagaientzat. Liburu nagusia material gomendagarria da, halaber, liburu horretan oinarritutako ikastaro bat egin duten trebagaientzako irakurgai osagarri gisa: aurretiko ikaskuntzak sendotzeko aukera emango die, baita informazioa sakontzeko aukera ere (landu gabe utzitako unitateak); eta erreferentzia bibliografikoak ere eskuratuko dituzte.

Liburu nagusiko koadro batzuk ez dira argitalpen honentzat premiazkotzat jo, eta, hori dela-eta, ez dira jaso. Nolanahi ere, jatorrizko zenbakiak erabili dira, bi liburuen arteko osagarritasunari eusteko; beraz, ohartuko zarenez, koadro batetik bestera zenbaki batzuk "galdu” dira.

HABEren liburutegian