Hizkuntz normalizazioari buruz esaten ez dena

Argitaratua: ostirala, 11 urria 1996, 9:00
Itzulpen Saila 38

Katalanaren ezagutza eta erabilera Katalunian euskararenak Euskadin baino zabalagoak diren arreo, ezin ukatu gauza askotan direla bi hizkuntza horien egoerak elkarren pareko: historian, jazarpen politikoa; lege aldetik, oraindik ere batere laguntzen ez duen egoera; gizartean, hizkuntz komunitate beretik etorritako inmigrazio handia; lurrez, hainbat administrazioren artean banatutako hizkuntzak izatea, etab. Amankomuneko egoera hauen, eta beste batzuen kariaz, ez da hain desberdina leku bateko eta besteko egoera. Beraz, etengabe aritu beharko genuke esperientzien berri elkarri ematen, batzuen eta besteen hizkuntz normalizazio-prozesuak aberasteko. Horregatik, irakurle euskaldunak jakingo du, liburu honetan, Kataluniako "bereziak" dei ditzakegun ñabardurak alde batera utzi eta euskararen egoeran erreferentzia izan daitezkeen beste gai globalagoei heltzen.

Kataluniako Generalitateko gobernuak 1995ean onartu zuen Kataluniako hizkuntz normalizazioaren Plangintza Orokorra. Konfiantzazko botoa eman diote profesional, politiko eta intelektualek. Bada, ordea, hor guztiontzako gero eta nabarmenago ageri den zerbait: plangintzak ezer gutxi lortuko du gizartearen partaidetza aktiboa, benetan aktiboa, lortzen ez baldin bada. Jarrera horrek atseginezko onarpena baino gehiago eskatzen du, oniritzi pasibo huts bat baino haratago joatea. Partaidetza hau garatu eta saio horretan inor ez mintzea, horrexek izan behar luke datozen urteetan Kataluniako hizkuntz politikaren oinarrizko helburuetako bat.

Partaidetza aktibo honek barreiatuta egon beharko luke gizarte osoaren luze-zabalean, jardun sozioekonomiko, kultura eta aisia, gizarte-maila, lurralde desberdinak barne. Esatea erraza da! Partaidetza hau hizkuntzaren erabilera eta egoera guztietan beharrezkoa baldin bada, ahozko erabileran da bereziki ezinbesteko, hau da, hizkuntzaren formarik bizienean. Hortxe dago,zalantzarik gabe, gakoa, pertsonen arteko erabilera, bere sinplean, hizkuntzaren existentzia berbera baita. Aurkitu egin behar, beraz, nola susper daitekeen Administraziotik erabilera pribatu hori. Segur aski, ez litzateke ideia txarra izango euskaraz dakiten langileek soinean ezaugarri bat eramatea, beraiekin euskaraz egin daitekeela adieraziko duena. Era horretan, euskaldunek beren hizkuntzan hitz egiteko eskubidea zaintzen duten bitartean, ikasi nahi dutenek askatasun osoz praktikatzeko aukera izango lukete, proiektu horri buruz oker informatuta ez badaude behintzat. Bide hori egokia da, nik hala uste, baina ildo horretatik beste zenbait ere aurkitu ahal izango dira euskararen erabilera zabaltzeko aukerak ugarituz. Bai katalanaren bai euskararen kasuan, sakonkiago aztertu behar da zein diren gure hizkuntzak irakatsi eta ikasteko gaitasun handiagoko ekintza eta giza taldeak -eta, alderantziz, zein diren zailenak- horietan lan egiteko ahalik eta eraginkortasun handienez eta oztoporik gutxienez.

Administrazioak, nik proposatzen dudan bezala gizartean eskuhartu hizkuntz politikako funtsezko helburuaz bakarrik eskuar dezake. Horrelako jokabide bat, ordea, zenbaiten iritziz, edozein irizpide politikoko delarik ere, indar publiko edo politikoak gizabanakoen bizitza pribatuan sartzea da. Ez nator horretan bat. Nire ustez, Administrazioak eskuhar dezake (eragin alegia, eta ez beste ezer) pertsonen ohituretan sozialki on jotzen dena, edo gizartearen zati batek bai beretzat bai osatzen duten gizabanakoentzat hala uste duena, sustatzeko. Eskuetan darabilgun kasuan, nik sentsibilizazio kanpainak egingo nituzke aldez aurretik mezu hori ondo hartuko dutela badakigunei zuzenduak (izan ere, zain ere badaude eta). Administrazioak, komeni izan zaionean, kirola, garraioa publikoan ibiltzea, preserbatiboaren erabilera eta beste hainbat gauza sustatu ditu. Oraingoan, oinarrizko helburua izango litzateke gure herrialdeetako hizkuntza propioen hiztunak ohi daitezela ezagun berri guztiekin beti hizkuntza horietan hitz egitera, iritsi berri-berriekin izan ezik, eta besteek hori gogo onez har dezatela. Poliki-poliki, modelo hau sartu abalean, behar daitezkeen zuzenketa guztiak eginez, jakina, gizarteko zatirik tematiena ere dinamika berri baten aurrean aurkituko litzateke pertsonen arteko kodeen erabileran. Oraingoan gure lurraldeetako hizkuntza propioak erabiltzearen aldekoa, edo gutxienez, aldekoago, dinamika.

HABEren katalogoan