Hizkuntz irakaskuntzaren gaineko kontzientzia, usteak eta jarduna esploratzeko gida

Argitaratua: larunbata, 21 abendua 2002, 1:40
Itzulpen Saila 44

Argitaratzailearen hitzaurrea

Irakasleen trebakuntzan behin eta berriro agertzen den gaia irakasleen trebakuntzaprozesu gisa ikustea da; prozesu horretan ezagutza eta trebetasun praktikoak eskuratuko lirateke, eta usteak, printzipioak eta teoriak eta horiek irakasteko moduan duten eragina aztertuko lirateke. Irakaskuntzak pentsamendua eta ekintza dakartza berekin, eta bien arteko elkarreraginak eratzen du irakasleen trebakuntzari buruzko planteamendu berrienen muina. Irakasleen trebakuntzak bere edukia irakasleak lan egiten duen testuinguruekin lotu beharra dauka ere. Campusetako programetan gertatzen dena, neurri handi batean, laster ahazten edo baztertzen da irakasleak eskoletara itzultzen direnean; horregatik, irakasleen trebatzaileak etengabe ari dira esploratzen, euren curriculumak eta jarduerak irakaslegaien berehalako eta epe luzerako arduretara egokitu ahal izateko.

Kontzientziazioa Hizkuntz Irakaskuntzan lanean, bigarren hizkuntzako irakasleen trebakuntzan lehen mailakoak diren bi adituk eta beren laguntzaileek, irakasleen trebakuntzan esplorazio planteamendua deitu dutenaren azpian dauden printzipioak eta praktika deskribatzen dituzte. Planteamendu hori irakasleen usteak, teoriak, printzipioak eta jarrerak hobeto ulertzeko helburua duten jarduerei dagokie, bigarren hizkuntzaren irakaskuntza eta ikaskuntza hobeto ulertzearren. Egileen asmoa ez da irakasleen praktikak aldatzen edo hobetzen lagunduko duen informazio multzoa eskaintzea. Aitzitik, irakasleen usteak eta praktikak esploratzearen aldeko konbentzimendu osoa erakusten dute, eta prozesu horretatik sortzen den ezagutza eta kontzientzia norberaren irakaskuntzari buruzko erabaki oinarrituak egiteko erabiltzea proposatzen dute. 

Liburu honetan proposatutako esplorazioko irakaskuntzaren prozesu honetan, funtsezkoak dira  irakaskuntzako gertakariak eta prozesuak behatzea eta deskribatzea, irakaskuntza ekintza ikerketaren bitartez aztertzea, egunerokoa erabiltzea irakaskuntza esploratzeko eta hari buruz idazteko, eta elkarrizketa erabiltzea irakaskuntza hainbat ikuspegitatik aztertzeko. Jarduera horiek irakasleei beren praktikak eta besteenak ulertzen laguntzeko, irakaskuntzaren planteamendu alternatiboak esploratzen eta irakaskuntza modu desberdinetan ikusten laguntzeko asmoa dute. Liburuak jarduera horiek eta beste batzuk irakasleen trebakuntzako esplorazio planteamendu batean nola erabil daitezkeen erakusten du. Jarduera bakoitza erabiltzeko prozeduren erakusgarriak ematen dira, eta baita jasotako informazioa edo ulermena erabiltzeko ideiak ere. Aldi berean, prozesu horietako bakoitzari buruzko ohartarazpen berriak eta desafiagarriak agertzen dira. III. zatiko kasuek eta adibideek prozesu horiek arrakastaz nola erabili diren eta irakasleei irakaskuntzari buruz eta irakasle gisa direnari buruz kontzientzia berria lortzen nola lagundu dieten erakusten digute. Kontzientziazioa Hizkuntz Irakaskuntzan lanak, beraz, bigarren hizkuntzako irakasleen trebakuntzaren alorrean ekarpen baliagarria egiten du eta kontsulta liburu baliotsua izango da beren garapen profesionala esplorazioaren printzipioak aplikatuz hobeto ulertu nahi duten irakasleentzat eta irakasleen trebatzaileentzat.

Jack C. Richards

HABEren liburutegian