Erroreen zuzenketa, tresna didaktiko gisa

Argitaratua: asteartea, 2 iraila 2014, 11:40
Beste iturrietatik

Sarri askotan, frustrazio-sentsazioarekin lotzen dute erroreak zuzentzea hizkuntza lantzean, bai zuzenketa egiten dutenek, bai jasotzen edo pairatzen dutenek. Hizkuntza-irakasleak luze aritzen dira zuzentzen, eta ahalegin handia egiten dute ikasleen erroreak zuzentzeko; eta, hala ere, gauza handirako balio ez duela iruditzen zaie. Askok uste dute zuzentzea irakasle txarra ez izateko egin beharreko zerbait dela.
Gu, ordea, ziur gaude onuragarria dela zuzentzea, nahiz eta gaizki, ohikeriaz eta koherentzia eskasez egiten den askotan. Ondorioz, alde batetik, irakasleak zapuztuta egoten dira beti, errore berberak behin eta berriro errepikatzen direla uste baitute, nahiz eta haiek beti zuzentzen aritzen diren. Eta, bestetik, ikasle asko lotsatu eta erroreak egiteko beldur izaten dira, edota porrot-sentsazioa izaten dute, goitik behera gorriz markatutako testu bat itzultzen bazaie.
Irakasleek zuzentzea alferrikakoa dela uste dute sarri —hau da, ez dela eraginkorra—, baina uste oker batean oinarritua dago iritzi hori: errore bat antzeman eta zuzendu ondoren, ikasi egin dela uste ohi dute. Sinpleegia da ikaskuntza-prozesua ikusteko modu hori; zerbait ikasteko zer horretaz jabetzea nahikoa izango balitz bezala. Nolanahi ere, H2 ikasteko prozesuak askoz ere konplexuagoak dira. Zuzenketa ikaskuntza-prozesua indartzeko tresnatzat hartu behar da, ikasleari tarteko hizkuntzaren arauak baieztatzea edo zalantzan jartzea ahalbidetzen dion feedbacka edo atzeraelikadura emateko modu gisa; baina ez du automatikoki funtzionatzen. Zuzenketaren bidez, ikasleak erroreen inguruan berriz hausnartu, eta ekoizpena hobetzen du, irakaslearen laguntzaz. Prozesu horrek faktore konplexu ugari ditu: ikaskuntzaren sekuentziak, zuzenketaren unean ikasleak duen arreta edota afektibitatearekin lotutako alderdiak (adibidez, motibazioa edo jarduera gauzatzen denean duen estres-maila).