Berbanet ekimena: Bizkaiko Foru Aldundiko langileen artean euskara online eta modu librean praktikatzeko proiektua

Argitaratua: Monday, 26 April 2021, 9:06 AM
Arantza Etxebarria Iturrate

2020an gurean ezarri zen pandemia-egoeran, lana telematikoki egitea bultzatu zen, eta langileen arteko aurrez aurreko elkarreraginak asko gutxitu ziren, baita Bizkaiko Foru Aldundian ere. Hori dela eta, Berbanet izeneko proiektua jarri zen abian. Ekimen horretan, euskaraz hitz egiteko ohitura handia zeukan langile bat ("berbalaguna") euskaraz hitz egiteko ohitura gutxi zeukan langile batekin ("berbalaria") harremanetan ipini zen, eta astean ordu erdiz, elkarrekin euskaraz hitz egiteko aukera izan zuten baliabide telematikoak erabiliz. Praktikaldia BFAn lanean ari diren trebatzaileek antolatu eta gidatu zuten. Ekimenak iraupen mugatua izan zuen, hiru hilekoa hain zuzen ere, eta egindako inkesten emaitzak aztertuta, langileen balorazioak oso positiboak izan ziren.