e-HIZPIDE 2021

Argitaratua: astelehena, 15 otsaila 2021, 4:19
e-HIZPIDE

39. urtera iritsi da e-HIZPIDE aldizkaria, ibilbidean ZUTABE eta HIZPIDE izenak ere izan ondoren. 1995etik 2015era paperean argitaratu zen HIZPIDE aldizkariaren jarraipen digitala da e-HIZPIDE; aurretik, 1983tik 1994ra hain zuzen, ZUTABE izenaz izan zen argitaratua.

Aldizkariaren aurkezpenean esan den bezala, helduen euskara-irakasleei dago zuzendua bereziki; beraz, berezko esparru ditu ama-hizkuntza eta bigarren hizkuntzen irakaskuntzarekin zerikusia duten zientzi arloak. Halaber, ez dira baztertzen helduez beste gizataldeekin aritzen direnen ekarpenak edota bestelako esparruetakoak, baldin eta egoera ezberdinetan aritzen direnentzat ere baliagarri bezain interesgarri gertatzen badira.

Une honetan jarraitua da argitalpena; alegia, artikuluak jaso, errebisatu eta landu ahala ematen dira argitara. Seihilekoaren bukaeran itxi egiten da zenbakia, berezko nortasuna manten dezan eta, besteak beste, Dialnet bezalako atari espezialduetan tokia izan dezan. Hala, 97 eta 98. zenbakiak daude aurreikusita 2021erako. Beraz, garaiz daude interesaturik dauden pertsona guztiak aurtengo proposamenak helarazteko.