e-HIZPIDE. Artikulugileentzako irizpideak

Argitaratua: ostirala, 2018(e)ko uztailaren 13(e)an, 12:50(e)an
e-hizpide

e-HIZPIDEren esparruak eta gaiak

1 e-HIZPIDEk, euskalduntzearen eta alfabetagintzaren alorrean diharduenez gero, berezko esparru ditu ama-hizkuntzaren (alfabetatzearen) eta bigarren hizkuntzen irakaskuntzarekin zerikusia duten zientziak. Horregatik emango ditu argitara Psikolinguistika, Linguistika aplikatu, Soziolinguistika, Andragogia eta Pedagogiaren inguruan idatzitako artikuluak; betiere, irakurleen ezagupena sendotu eta guztion arteko eztabaida emankorra sortarazi eta informazio esanguratsua emateko asmoz.

2 e-HIZPIDEk, nahiz eta aipaturiko eremuei buruzko ekarpenak hobetsi, ez ditu baztertuko helduez beste gizataldeekin aritzen direnenak edota bestelako alorretakoak, baldin eta egoera ezberdinetan aritzen direnentzat ere baliagarri bezain interesgarri gertatzen badira.

Laburpenak eta deskribatzaileak

3 Artikuluak euskaraz idatziak izango dira. Hasieran, euskarazko laburpenak emango dira, titulu eta egilearen izenarekin batera. Laburpenok ehun hitz ingurukoak izango dira, eta bertan era inpertsonalean emango da artikuluaren mamia. Halaber, gehienez, bost deskribatzaile edo gako-hitz ere proposatuko dira.

Luzera

4 Artikuluaren luzera 15 bat orrialde artekoa izango da. Hala ere, 5-10 orrialdekoak hobetsiko dira. Orrialdetzat 2.900 karaktere (zuriuneak barne) jotzen da.

Artikuluaren euskarriak

5 Artikuluak euskarri digitalean aurkeztuko dira. Microsoft-eko Word testu-prozesadorearekin bateragarria den edozein testu-prozesadore erabil daiteke horretarako. Ahal dela, e-HIZPIDEk proposatutako txantiloia baliatuko da.

Erreferentziak

6 Artikuluan erabiliko diren erreferentzia bibliografikoetarako APA (American Psychology Association) Style ereduari jarraituko zaio oro har.

7 Aurreko arauen laburpen gisa, era honetara emango dira aipuak eta egileen erreferentziak testuaren barnean:

40 hitz edo gutxiagoko aipua

Testua komatxo artean, eta gero egilea, urtea eta orrialde-zenbakia, dena parentesi artean jarrita. Bestela, egilea eta, horren ondoren, urtea parentesi artean, testua komatxo artean eta, bukatzeko, orrialde-zenbakia parentesi artean.

40 hitz baino gehiagoko aipua

Testua bloke gisa, koskaz bereizia eta bukaeran (egilea, urtea, XX or.) jarrita.

Webgune orokor baten aipua, ez testu jakin batena

Nahikoa da URL-a edo esteka aipatzea.

8 Bibliografia artikuluaren bukaeran emango da. Hona hemen aipatutako ereduaren ohiko adibideetako batzuk.

Liburua

Egile bakarra denean

Siguán, M. (1996). La Europa de las lenguas. Madrid: Alianza Editorial.

Bi egile direnean eta sei baino gutxiago

Jonassen, D., eta Grabowski, B. (1993). Handbook of individual differences, learning and instruction. Hillsdale, NJ: Lawrence Erbaulm.

Aldizkari-artikulua

Fulcher, G. (1996). Testing Tasks: Issues in Task Design and the Group Oral. Language Testing, 13(1), 23-51.

Liburu baten atala

Haristchelhar, J. 1988. Le basque. Une langue résistant. In G. Vermes (ed.), Vingt-cinc communautés linguistiques en France, (87-104 or.). Paris: L’Harmattan.

Linean dagoen dokumentua

Fumero, A. 2005.Un tutorial sobre blog. El abecé del universo blog. Telos. Cuadernos de comunicación e innovación, 65, 46-59. Hemendik eskuratua: http://sociedadinformacion.fundacion.telefonica.com/telos/articulocuaderno.asp@idarticulo%3D1&rev%3D65.htm

Ruiz, F. (2014, ekainaren 15a). Cómo enviar cualquier tipo de archivo por WhatsApp. [Blog-sarrera]. Hemendik eskuratua: http://www.androidsis.com/como-enviar-cualquier-tipo-de-archivo-por-whatsapp

DOI duen dokumentua

Adam, D. (2002). The counting house. Nature, 415, 726-729. doi:10.1038/415726a

Adam, D. (2002). The counting house. Nature, 415, 726-729. http://dx.dooi/org/10.1038/415726a

Irudiak eta grafikoak

9 Gogo onez hartuko dira artikulua irakurterrazagoa egiten lagunduko duten marrazki, argazki, diagrama eta horrelakoak. Erreproduzitzeko materialak kalitate onekoa izan behar du, eta, hala behar bada, bereizitako fitxategian igorriko da.

Era errazean

10 Artikulua ahalik eta argien aurkezteko moduan egituratuko da, zailtasunak irakurlearen mesedetan saihestuz.

Zuzendaritzaren esku

11 e-HIZPIDEren zuzendaritzak aukeratuko du jasotako zein artikulu eta zein zenbakitan eman argitara.

Eta beste

12 Argitaratzen diren lanen egileak, irakurleek egin litzaketen iruzkin eta galderei erantzuteko ahalegina egingo dute, eztabaida didaktikoaren mesedetan.

13 e-HIZPIDEren zuzendaritza ez da argitara emandako iritzi edo baieztapenen erantzule.

Harremanetarako

HABE

e-HIZPIDE aldizkaria

Vitoria-Gasteiz, 3

20018 Donostia

i-murua@habe.eus

Erakutsi iruzkinak