Bideoa hizkuntzen irakaskuntzan

Irakaskuntzan erabiltzen diren lagungarri guztiak, beren alde onak badituzte ere, arriskutsu izan daitezke, gehiegi edo gaizki erabiliz gero. Adibidez, programagile edo irakaslea gehiegikerian eror daiteke, bideoa benetako irakaskuntzarako baino gehiago ikasleak kontrolpetzeko erabiltzen badu. Ikasleei bideoa atsegin zaie, batez ere hasieran, halako jostailu-kutsua duelako, eta ikasleak isilik eta aski pozik egoten dira horri begira; besterik da ikasten duten ala ez. Denok egon gara noizbait begiak zabal-zabalik telesaio zoro bati begira, programa gozatu gabe baina telebista itzaltzeko alferrez. Gauza bera gerta daiteke ikasgelan bideo-gailuarekin. Gaizki edo gehiegi erabiliko dugu, edo biak batera, beste bide sinpleagoen laguntza besterik eskatzen ez duten lanetarako bideoaz baliatzen garenean.

Esate baterako, aldiz bideoaz baliatzen gara bata bestearen ondoren doazen diagramak edo taulak aurkezteko; baina emaitza berbera, edo hobea, lortuko genukeen proiektore opakoa erabili izan bagenu, hau da, laminak dagokien eran aurkeztu izan bagenitu. Bideoarekin parekatuz, badu proiektore opakoak zenbait abantaila:

  • Irudi handiagoa eta garbiagoa ematen du.
  • Aurkeztutako informazioaren ezaugarri inportanteak errazago erakuts ditzake irakasleak.
  • Aurkezpenaren iraupena hobeto kontrola daiteke, eta hau garrantzizkoa izaten da, azaldutako gaia korapilatsu edo trinkoa denean.
  • Proiektore opakoa bideoa baino era gehiagotan erabil daiteke, ikastalde bakoitzari egoki baitakioke materiala, zenbait informazio ezkutatuz edo irudien sekuentzia puntu jakin batean hasiz.
  • Azkenik, lamina baten gainean zerbait erants daiteke, proiektore opakoaz baliatuz gero.

Hortaz, irakaslearen kontrola eta irudien argitasuna, behin eta berriz errepikatzen den irudiarekin sinkronizatutako komentarioak baino inportanteagoak direnean, hobe da proiektore opakoaz baliatzea; bideoa baino eraginkorragoa da, xedeak aipaturiko horiek direnean.

Beste aurkezbideak baino egokiagoa edo ekonomikoagoa dela eta, bideoa zer den aztertzea eta zein arlotan lagun dezakeen jakitea: horiek izango dira artikulu honen helburuak. Hau jakinez, ikus ditzagun ikasgelan materiala aurkezteko diren teknikak.

HABEren katalogoan