Irakasbil

Gaur, hilak 8, baina Eibarren orain dela 62 urte

Gaur, hilak 8, baina Eibarren orain dela 62 urte

by Jon Imanol Iturrioz Aldanondo -
Number of replies: 0

Hotz egiten omen zuen Eibarren 1959ko azaroaren 8an. 5.000 lagun inguruk ikusi eta entzun zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Uztapide izan zen garaile. Han ziren, baita ere, Lasarte, Zepai, Joxe Lizaso eta Joxe Joakin Mitxelena bertsolariak. Halako batean, gai-jartzaileak 9 puntuko bertsoa osatzeko eskatu zien bertsolariei, alegia, 9 hitz errimaduneko bertsoa osatzeko, eta Antton Kazabon idazleak Auspoa bilduman dioen bezala, Mitxelenak bakarrik egin omen zuen agindutakoa. Hona bertsoa:

Eibar aldera, jaunak,

bildutzeko geunden,

festa bat egin behar

zelako hemen,

euskeraren zaletan

askotxo bait geunden,

galdu xamartu, baina,

ez da galdu, arren!

zer indar dakarren

begiratuarren

egin zagun aurren

gero zer datorren,

holako festak eiten

badira Eibarren.

Orduz geroztik 9 puntuko bertso asko osatu dira, eta osatuko. Datorren urtean BEC ez, baizik eta Iruñea izango omen da Euskal Herri mailako finalaren bilduleku, ditxosozko pandemia honek uzten badigu. Bertsolariak behintzat ari dira berotze-ariketak eta saioak egiten han eta hemen, baita aste honetan bertan ere. Bitxia izan daiteke, esate baterako, Bilboko Euskararen Etxean ostegunerako iragarrita dagoen "Hi(ZKI)bridoak". Zientzia Fikziozko Bertso Saioa. Euskara ez dadila izan fikzio, edo ez fikzio soilik.






  

(ainara maya urroz(e)k astelehena, 2021(e)ko azaroaren 8(e)an, 17:36(e)tan editatu du)