Curriculuma

Kultur gaitasuna (C1erako gomendioa)

 
Picture of Hasier Agirre Aranburu
Kultur gaitasuna (C1erako gomendioa)
by Hasier Agirre Aranburu - asteazkena, 1 otsaila 2017, 7:33
 

Kultur gaitasuna (C1erako gomendioa)

“Gustatzen zaizuna egiterik ez baduzu, gusta dakizula egiten duzuna”. Ezin ukatu aldrebes samarra denik. Ez da hori euskararen mintzoa. Hona aukera batzuk:

  1. Ezin duzula gustatzen zaizuna egin? - Gozatu egiten duzunarekin!
  2. Gustatzen zaizuna egiterik ez? - Bihurtu gustuko egiten duzuna!

Lehen bietan, ordaina galde-erantzun gisa ematea da estrategia. “Gusta dakizula egiten duzuna” bihurri hori saihestea da kontua, eta galde-erantzun gisa ematea da aukeretako bat.

Lehen adibideko erantzuna, nire ustez, geureagoa da, baina bigarrena, agian, leialagoa, “gustatu/gustuko” bikotea errespetatu egiten baita. “Bihurtu gustuko” hori nahiko dudakoa da…

Estrategia bereko bi aukera horiek egokiak dira ahozkorako, ia ezinezkoa baita bat-batean ordain borobilagoa ematea. Ez da gutxi galde-erantzunaren estrategiarekin gogoratzea ere!

Baina zer gertatzen da testu idatzietan? Alegia, euskal ordain peto-petoa emateko adina denbora daukagunean? Gure esamoldeekin parekatu ditzakegula berrixeagoak diren horiek, eta, ahal den neurrian, haien kutsua eman. “Gustuko bidean, aldaparik ez” eta “Habilen bideak harrapatuko hau” esamoldeetatik, agian, atera daiteke aztarrenik. 

  1. Gustukoan ezin baduzu, zabiltzan bidean gozatu behar.
  2. Gustuko bidetik ezin denean, gabiltzana zelaitu behar.

Idatzizko ordain horiek, gizarteratu ahala, bi aldiz pentsatu gabe erabil ditzakegu ahoz ere. Horixe du testu idatziak, ahozkoaren eredugarri bihurtzen dela maiz. Scott Thornbury-ren “Nola irakatsi berba egiten” liburuan aipatzen diren “pusketa prefabrikatuekin” — solaskideak zerbait askotan kontatzearen poderioz jada garunean iltzatuta dauzkan enuntziatuak — gertatzen dena gertatzen da esamoldeekin ere. Beren testuingurua eta erabilera-esparrua bereganatzea komunikazio-estrategia aparta izan daiteke erabiltzailearentzat.   

Gaztelaniaz otutzen zaigun esamoldearen euskarazko ordainik topatzen ez dugunetan, berriz, ez da estrategia txarra soiltzera jotzea. “Tokatzen dena egin behar, eta ahalik eta gustuen…” bezalako esaldi arruntagoak, adibidez. 

mikel dorronsoro
Er: Kultur gaitasuna (C1erako gomendioa)
by Mikel Dorronsoro - osteguna, 2 otsaila 2017, 8:22
 

INTXAUSPEKO ALABA DENDARIA

        anonimoa , XVIII-XIX. mendeak

 

Intxauspeko alaba dendaria

Goizetan goiz jostera joailia,

Nigarretan pasatzen du bidia,

Aprendiza kontsolatzailia.

 

Mertxikaren lorearen ederra!

Barnean du hezurra gogorra.

Maitatu dut izanen ez dudara,

Hark baiteraut bihotzean pena.

 

Maitatu duzu izanen ez duzuna,

Harek baiterautzu bihotzean pena.

Maita zazu izan dezakezuna,

Eta kita ezin dukezuna.

 

Zu eta ni, bi-biak ginenean,

Akort ginen hitz baten barnean,

Eta orai denbora joan denean,

Faltsu zira zure erranean.

 

Zeruan den izarrik ederrena,

Jiten balitz ene argitzera,

Joan nindaite maitearen ikustera,

Ene penen hari erraitera.


Picture of Hasier Agirre Aranburu
Er: Kultur gaitasuna (C1erako gomendioa)
by Hasier Agirre Aranburu - osteguna, 2 otsaila 2017, 9:06
 

Izugarria ateraldia, Mikel! Hainbestekoa, ezen bizi eskertuko bainian beste nonbait sartzea!! 

Picture of Luis Mari Txabarri Miranda
Er: Kultur gaitasuna (C1erako gomendioa)
by Luis Mari Txabarri Miranda - osteguna, 2 otsaila 2017, 9:26
 

Eta doinura etorrita, Youtuben dituzu, bai Imanolen bertsioa, baita Bankako menditarrena ere.

 

Picture of Hasier Agirre Aranburu
Er: Kultur gaitasuna (C1erako gomendioa)
by Hasier Agirre Aranburu - osteguna, 2 otsaila 2017, 11:51
 

 

Nire ustez, mertxika da abesti horretan hitz giltzarria; alegia, gure hezur diglosikoaren isla. Ze, "A ze melokotoia harrapatu duen" esaldiarekin baten bat mozkortu egin dela ulertuko genuke, eta "A ze mertxika harrapatu duen" esaldiarekin, berriz, lapurretan ibili dela.