Ebaluazioa

Bakarka ala binaka ahozko proban?

 
Picture of Luis Mari Txabarri Miranda
Bakarka ala binaka ahozko proban?
by Luis Mari Txabarri Miranda - osteguna, 26 maiatza 2016, 2:49
 

Ahozko adierazpen- eta elkarrekintza-maila ebaluatzeko jarduera sorta bat burutu behar du azterketariak H2 hizkuntzan. Proba horietan bi bide nagusi hartu izan dute egiaztatze-sistemek: a) aztertzaileak bideratutako banakako elkarrizketaren aldeko aukeraketa; edo b) bikoteka osatutako jardueraren aldeko hautua. Cervantes Institutuak eta  Trinity Collegek, beste batzuen artean, lehen aukeraren alde egin dute; aldiz, Cambridge English, Goethe Institut eta HABE bigarrenera lerratu dira.

Fruns-en hitzetan, zalantzan jarri da azken urteetan elkarrizketaren baliozkotasuna, ez baititu solasaldiaren funtsezko zenbait ezaugarri: a) planifikatu gabeko aurrez aurreko interakzioa da; b) ez dago jakiterik nola garatuko den edota zer emaitza izango duen; c) berdin banatzen ditu eskubideak eta betebeharrak; eta, d) parte-hartzeek elkarrekiko kontingentzia dute.  Eta ondorioztatzen du azterketetako ahozko elkarrizketek ez dutela horrelako ezaugarririk.

Nolanahi ere, ezinezkoa da azterketa batean azterketariak eta aztertzaileak beste edozein egoeratan izango luketen jarduna berregitea: batetik, jokoan dagoenagatik, eta, bestetik, bizitza-egoera bat irudikatu nahi baldin bada ere, hizkuntza-lagin bat gararazi behar duelako aztertzaileak azterketariaren gaitasun-maila ondorioztatzeko.

Horretaz gain, aztertzaile batekin egin behar izateak estatus-maila agerian jarriko du,  komunikazio-egoeran eta interakzioan eragingo duena, besteak beste, ohiko solas batean  ager daitezkeen zenbait ezaugarri ez direlako agertuko, hala nola, hitza kentzea, gaiz aldatzea, ekarpena etetea …

Horrela, banakako elkarrizketek solas-izaera txikia dutela ohartuta, bikotekako probek egin izan dute leku egiaztatze-sistemetan, non bi azterketarik elkarrekintzan jardun behar duten gai baten inguruan. Fruns-ek dioenez, ezaugarri egiazkoagoak ditu solasaldiak eta baliozkoagoa da ekoizpena, besteak beste, estres eta estutasun txikiagoa eragiten dielako bikotekideei.

Alabaina, zenbait baldintza ezartzen dizkio bikotekideak solaskideari: lidergoa eta asertibitate-maila jardunean, ekarpen-bolumena, hizkuntza-maila, eta  laguna edota ezaguna izatea. Ezaugarri horiek jokoan, hiru elkarrizketa-mota bereizten dira: a) elkarlanean egiten direnak; b) paraleloak, non bikotekideak modu independentean aritzen diren; eta c) asimetrikoak, bikotekide batek bere gain hartzen duenean bestea. Horrenbestez, bikoteka aritzeak ez du bermatuko ezinbestean garatuko den hizketak solasaldiak berezko dituen ezaugarriak izatea.  

Ondorio horiek oinarrian, hiru galdera nagusi mahaira daitezke eta eztabaidara ekarri: 1) emaitza bera lortuko al luke azterketariak bakarka zein binaka arituz? 2) emaitza bera lortuko al luke azterketariak beste bikotekide batekin? Eta, 3) zein neurritan balditzatzen du aztertzaileak azterketariaren ekoizpena, eta, ondorioz, izan dezakeen arrakasta-maila?

O.o.: Testua Javier Fruns-en “Hautagaiaren eta elkarrizketatzailearen arteko elkarreraginaren kudeaketa ahozko azterketan” artikulutik hartutako ideiez osatua da. Hizpide 87 (2015), 21-37.or.

Picture of Josu Perales
Er: Bakarka ala binaka ahozko proban?
by Josu Perales - asteazkena, 15 ekaina 2016, 1:44
 

Mintzameneko probak: bakarka ala bikoteka?

 

Honatx ondorioak, labur, gaia jorratu duten hainbat artikulu aztertu ondoren.

 Ba al du solaskidearen gaitasun-mailak  eraginik azterketariaren kalifikazioan?

Elkarreragina dela-eta  aztertutako bibliografian, uste nahiko zabala da bikotekideak duen mailak izan baduela eragina azterketariari mintzameneko proban ematen zaion kalifikazioan. Eta, zenbaitetan, hipotesi kontrajarriak ere ikusten dira:

a) Hizkuntz gaitasun handiko azterketariaren solasak kalte egiten dio gaitasun apaleko azterketariaren solasari eta, ondorioz, horren kalifikazioari.

b) Hizkuntz gaitasun handiko azterketariaren solasak aldeko eragina du gaitasun apaleko azterketariaren solasean.

Usteak uste eta hipotesiak hipotesi, ez da pisuzko ikerketarik ageri baieztapen bat nahiz bestea egiaztatzen duenik. Ikerketetan, oso norbanako-kopuru  mugatuekin egin ohi da lan, eta ikertzaileek, oro har, tentu handiz idazten dituzte ondorioak, baieztapen biribilik egitera ausartu gabe. Adb.:

“Although pairing type appeared to influence language quantity or interaction characteristics in some cases, these differences were not consistently reflected in scores. This finding does not eliminate the possibility than interlocutor proficiency may influence scores for some individuals…”  (Davis, L. 2009).

  Azterketariek mintzameneko proba bikoteka egiteak herstura gutxitzen laguntzen du?

  Aski onartua dago azterketa batek urduri jartzen duela azterketaria. Dolly J. Young-ek (1991) antsietatearen sortzaile izan daitezkeen sei arrazoi bereizi zituen:

1.   Autoestimaren eta ikaskideen arteko lehia (norberaren antsietatea nahiz pertsonen artekoa).

2.   Ikasleak hizkuntza ikasteari buruz dituen usteak.

3.   Irakasleak hizkuntza ikasteari buruz dituen usteak.

4.   Ikasleen eta irakaslearen arteko harremanak.

5.   Ikasgelako irakas-jarduerak.

6.   Ebaluazio-probak.

 Halaber, badirudi hainbat azterketarik nahiago izaten dutela bakarka baino bikoteka jardun mintzameneko proban, babestuago edo sentitzen baitira. Ikedak (1998: 93) iradoki ere egin zuen azterketariek aukera izan beharko luketela zein ikaskiderekin jardungo zuten hautatzeko.  

 Era berean, badira honako hau dioten ikertzaileak: “lasaiago egoteak ez dakar halabeharrez hizketa hobea” (Foot, M. 1999). Eta gai horretaz zera gaineratu genezake  (Perales, 1996, 2012):

 Antsietate-sustatzailea versus antsietate-eragozlea

 Esana dago, jadanik, antsietateak hartutako ikasleak patxadan eta soseguz diharduenak ez bezala ikasiko duela hizkuntza. Horrek, ordea, ez du argitzen antsietatea onuragarria ala kaltegarria den. Zentzu horretan, Alpert-ek eta Haber-ek (1960) proposaturiko antsietate-sustatzailea/antsietate-eragozlea (faciliting anxiety/debilitating anxiety) dikotomiak arreta osoa merezi du, zalantzarik gabe. Antsietate-eragozlea traba izango da ikaslearentzat, zeren eta ikasteko lana nekeza egingo baitzaio. Antsietate-sustatzaileak, aldiz, hizkuntza ikastearen erronkari aurre egitera bultzatuko du ikaslea, eta ikasprozesua erraztu egingo dio.

 Azterketarien profil soziologikoak badu eraginik azterketarien arteko solasean?

 Ikertzaile batzuek hainbat aldagai azpimarratzen dituzte ondorio-ekarle gisa: izaera barnerakoia vs. kanporakoia, adina, maila soziokulturala, aserbitate-maila… Aipatu ere egiten dute hersturak jotako azterketari batek eragin kaltegarria ekar diezaiokeela berez lasaiagoa den bikotekideari (Norton, J. 2005). Baieztapenak baieztapen, ez dugu aurkitu aldagai horietako bakoitzak emaitzetan omen duen pisua era argian zehazten duen azterlanik.

 Denboraren kontrola, zailagoa

 Iraupena dela-eta, asimetrikoak izaten dira bikoteetan sortzen diren solasak. Zaila da minutu-kopuru berari eustea bi kideek. Bestalde, proportzioz motzagoak dira bikotekako saioak bakarkakoak baino. Dena dela, “hutsune” horiei irtenbidea topa geniezaieke denbora gehiago arautuz eta, beharrezkoa balitz, aztertzaile elkarrizketatzaileak parte hartuz.

 Baliotasuna, fidagarritasuna, benetakotasuna

 Proba bat balioduna izango da  baldin eta benetan neurtzen badu neurtu nahi duguna. Mintzameneko proba zenbat eta gertuago egon errealitateko komunikazio-egintzetatik, orduan eta benetakoagoa izango da, baita balio handiagokoa ere. Esan ohi da bikotekako probak gehiago berma dezakeela baliotasuna, bakarkakoak baino; eta, alderantziz, bakarkako probak errazago berma dezakeela fidagarritasuna, bikotekakoak baino. Esan nahi baita azterketari bakoitzak duen solaskidea ez dela finkoa aztersaioz aztersaio, hizkuntz egoera eta gai bera emanda ere solaskidea aldatzen baita. Beraz,  azterketa-eredu guztiak desberdinak dira. Bakarkako saioetan, berriz, murriztu egiten da desberdintasunerako aukera.

 Hala ere, badago zalantzan jartzen duenik probaren benetakotasuna bikoteen kasurako,  ez baita  oso naturala xede-hizkuntzan jardutea —ikasgela-girotik at, bederen— jatorrizko hizkuntza bera duten azterketarien artean. Agian, naturalagoa izango da azterketariaren xede-hizkuntza berezkoa duen aztertzaile elkarrizketatzaile batekin solastea.

 Laburtuz:

  •  Ez dugu  aurkitu bikotekako jarduna hobea dela baieztatzen duen aho beteko adostasunik.
  • Bakarkako jarduna ez du inork gutxiesten.
  • Bikotekako jarduna Cambridge examination Board-ekoek jarri zuten martxan.
  • Saio batzuetan, bi azterketarik baino gehiagok hartzen dute parte, eta, ondorioz, hiru eta lau aritzen dira.
  • Ikerlan gehienen amaieran irakurtzen dira honelako ondorioak: “ikerketa gehiagoren beharra dago”, “Tentuz eta arretaz jardun behar jardunbide bat besarkatu edo bazter utzi baino lehen…”, etab.
  • HABEn, nolabait, tarteko formatua baliatzen dugu. Azterketariak bikoteka aritu arren, bakarka ere jardun behar izaten dute eta, amaieran, haien artean elkarreraginean jardun.